Urtebeteko erronka iragarri zuen Euskara Ari Du elkarteak abenduaren 2an, eta larunbat honetan emango zaio hasiera. Baietz Hernanik! leloarekin aurkeztu zuten egitasmoa, herritarrak animatzeko asmoarekin. Larunbatean izango da hasiera-ekitaldia, Biterin, 13:00etan hasita. Mikel Laskurain eta Eli Pagolak egingo dituzte aurkezle lanak.
Erronka formalki, herritarrei
Euskara Ari Du kultur elkarteak prentsa-ohar bitartez jakinarazi duenaren arabera, «hasiera-ekitaldian erronka formalki aurkeztuko da herritarren aurrean, eta erronka bat hartzea zertan datzan azalduko da».
Izan ere, hori izango da aurtengo Euskara Ari Duk luzatutako egitasmoaren muina: bakoitzak erronka bat ezartzea bere buruari, eta horri, hamaika hilabetez eustea.
Hori azaltzeko, hain zuzen, protagonismo berezia izango dute dagoeneko erronkan izena eman dutenek. Han jakinaraziko da, gainera, oraingoz zenbatek eman duten izena.
Horrez gain, musika, tarte atsegina pasatzeko aukera eta hainbat sorpresa ere izango dira bertan.
Bukatzeko, taldeko argazkia aterako dute, Biteri kanpoaldean.