Joan den ostiralean egin zuten aurreneko jardunaldia, paisaiari buruz hausnartzeko: Paisaia eta Lurraldea, hausnarketa bat plangintzaren eskutik.
Toki askotatik etorritako dozena bat hizlarik hartu zuten parte bertan: arkitektoek, geografoek, ingeniariek, ingurumen zientzietan adituek... Eta haien esanak entzutera gerturatu ziren lagun asko.
«Arrakasta haundia izan du jardunaldiak, eta 60 lagunentzako tokia aurreikusi bagenuen ere, 72 lagunera zabaldu behar izan dugu», azaldu zuen Zorione Etxezarraga alkateak. Eta nabarmendu zuen: «gure estrategia da, paisaia ulertzea gure herriaren osasunaren adierazle gisa».
Itxaro Latasa geografoak, bere aldetik, nabarmendu zuen «gai inportantea» bilakatu dela paisaiarena, «ikusi delako bizi kalitatearen elementu garrantzitsua dela. Astigarraga toki aparta da, kulturalki eta paisaiaren aldetik. Balio, aniztasun eta edertasun haundiko espazioa», nabarmendu zuen.
Azkenik, Antonio Serranok, Fundicot elkarte antolatzaileko lehendakariak, adierazi zuen paisaiarekiko kezkak «boluntariotza hutsa baino gehiago» eskatzen duela, «arauetan ere egon behar du».