Urte bukaeran eskuratu berri du bere aurreneko Michelin izarra Donostiako Gros auzoko Amelia Jatetxeak, aurrerapauso bat emango du produktuen kalitatean, eta horretarako, hitzarmena egingo du Hernaniko Karabeleko etxalde ekologikoarekin.
Elkarlana, epe luzera begira
Amelia Jatetxeak, eta bereziki, haren sukaldeburu Paulo Airaudo argentinarrak «indartu eta azpimarratu nahi du tokiko produktu ekologikoarekin duen konpromiso irmoa», azaldu dute prentsa-ohar bitartez. Horretarako jo du Karabeleko etxaldearengana: «establezimenduak neurrira egindako baratzea izango du Hernanin, eta bertan egungo merkatuan eskuragarri ez dauden edo urrutitik ekarri ohi diren dozenaka espezie landuko dira jatetxeko bezeroei ezaugarri organoleptiko onenak dituen produktua eskaintze aldera».
Lankidetza honekin, Airaudoren helburua da Amelia jatetxean «muturreraino» eramatea bertako produktuaren aldeko apustua: «funtsezkoa da hemengo ostalariek inguruko eta kalitatezko produktua erabiltzea, ahal bezainbeste. Gaur egun, atzerritik ekartzen dira bertan landu daitezkeen barazki barietate ugari», nabarmendu du. Eta hau da, hain zuzen, sukaldari argentinarrak beti izan duen filosofia, baita 2015ean bere aurreneko izarra lortu zuen jatetxean ere, La Bottega trattoria modernoan.
Bien arteko elkarlanari esker, «Ameliaren goi-sukaldaritzako menuan behar diren espezieak haziko dira Karabelekon».
Zentzu horretan, Amelia eta Karabeleko epe luzerako lankidetza hitzarmena burutzeko oinarriak ezartzen ari dira, ostalaritza-sektoreak bertako ekoizleekin duen konpromisoa eta inguruko eskaintza gastronomikoa indartzeko asmoz. Horregatik, «gastronomiaren arloan Donostia erreferentziazko hiri izaten jarraitzea nahi badugu, ez dugu erlaxatu behar; sukaldariok dena eman behar dugu bisitariei lurralde honetako onena eskaintzeko», aldarrikatu du sukaldari argentinarrak.
Karabelekoren filosofiarekin bat, baita ere
Elkarlan hau, gainera, Karabelekoren lan filosofiarekin ere bat dator: «2014. urtean abiarazi zutenetik, barazkigintza ekologikoaren inguruko ikerketa burutzen baita bertan, baita balio agroekologikoak zabaltzeko lan egin ere. Zehazki, ahaztutako barietateen edo oso ezezagunak direnen portaera aztertzen da, baratzezain, ostalari eta kontsumitzaileei ezaugarri organoleptiko berri era erakargarrian eskaini ahal izateko».
Eta zentzu honetan, Amelia Jatetxearekin egingo duten bezalaxe, lanean ari dira beste zenbait ostalarirekin, «gure inguruko ortu, merkatu eta jatetxeetako barietate-gama aberasten laguntzeko», azaldu du Iker Goikoetxeak, proiektuaren koordinatzaileak. Horrela beraz, «Ameliaren goi-sukaldaritzako menuan behar diren espezieak haziko dira Karabelekon».