Gurasoak ikasturteko garairik garrantzitsenetakoan sartuko dira gaurtik eta hamabi egunetan. Aurrerantzean bere seme alaben ikastetxea zein izango den erabaki beharko dute. Horrela bada, gaurtik hasita egin ahal izango dute aurrematrikulazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta gazteak, eta beraz, Hernaniko eta Ereñotzuko ikasle berriek.
Aurrematrikularako azkeneko eguna, otsailaren 9a izango da. Nahiz eta aurrematrikulazioa haur hezkuntzatik hasi eta bigarren hezkuntzara luzatzen den, aurreneko aldiz matrikulatzen direnei dei berezia egiten diete. Horiek dira, aurten, 2016. urtean jaiotako haurrak.
Hernani eta Ereñotzuren artean, 178 haur daude deituta Haur Hezkuntzako aurreneko mailan izena ematera.
Bigarren Hezkuntzan, batez ere 2006an jaiotako gaztetxoak
Bigarren Hezkuntzaren kasuan, Urumealdeko herri bakarrak dauka eskaintza propioa herrian bertan: Inmakulada ikastetxean edo Hernani BHIn burutu daitezke ikasketa hauek; 16 urtera artekoa, lehenengoan, eta 18ra artekoa, bigarrengoan. Bertan aurrematrikulatzera daude deituta, batez ere, 2006an jaiotako gaztetxo hernaniarrak; 193 dira.
Lau ikastetxe Lehen Hezkuntzan eta bi Bigarren Hezkuntzan
Hernanin, lau ikastetxe daude aukeran, Haur eta Lehen Hezkuntzan; eta bi, ordea, Bigarren Hezkuntzan. Aurreneko bostak dira: Elizatxo (427 ikaslerekin); Inmakulada; Langile (710 ikasle dituena); eta Urumea (425 ikaslerekin). Eta beste biak, Hernani BHI Institutua, 824 ikasle ditu 12 eta 18 urte bitartekoak, eta Inmakulada ikastetxea, 250 ikasleko zentroa kontzertatua dena.
Ereñotzun ere bada aukera, eskola txikia delakoa dena; Txirrita Eskola publikoak, 73 ikasle ditu egun, eta proiektu berezia dauka
Bilera informatiboak, gaur Langilen eta bihar Elizatxon
Langile eta Elizatxo ikastolek bilera informatiboak antolatu dituzte, gaur eta bihar. Gaur 17:00etan eta 18:00etan egingo dira Laubidetan Langile ikastolako bilerak, eta bihar 16:45etan Elizatxon. Azken honetan bigarrengo bilera bat ere egingo da otsailaren 6an.
Herrian ikasteak, balio erantsia
Eskolen aurkezpena eta eskaintzarena egitean, herrian bertan ikasteak daukan garrantzia eta horrek ematen duen balio erantsia aldarrikatzen dute hezkuntzako eragileek eta baita instituzioek ere.
ESKAINTZA, BAILARAN
Astigarraga
- Astigarragako Herri Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 527 ikasle aurten.
Telf.: 943 55 12 62.
Hernani
- Elizatxo Ikastola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 427 ikasle aurten.
Telf.: 943 55 72 24.
- Inmakulada ikastetxea. Haurtzaindegitik, Bigarren Hezkuntzara. 250 ikasle aurten.
Telf.: 943 550 233.
- Hernani Institutua. Bigarren hezkuntza. 824 ikasle aurten.
Telf.: 943 551 188.
- Langile ikastola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 710 ikasle aurten.
Telf.: 943 555 423.
- Urumea ikastola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 425 ikasle aurten.
Telf.: 943 550 472.
Ereñotzu
- Txirrita Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 73 ikasle aurten.
Telf.: 943 554 256.
Goizueta
- ‘Xalto’ Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 71 ikasle aurten.
Telf.: 948 514 005.