Azken txanpan sartu da kluben arteko Euskal Herriko IV. Torneo Nazionala, eta Hernaniko pelotariek lan bikaina egin dute orain arte, finalerdietarako sailkatuta.
Bihar jokatuko dute, Irurtzunen kontra, Tolosako Beotibar frontoian, 17:30etan hasita.
Hurrengo finalerdia otsailaren 4an jokatuko da, Beotibarren baita ere: Zazpi Iturri eta Buruzgainen artekoa izango da. Finala, berriz, otsailaren 18an jokatuko da, toki berean.
Tentsio eta maila haundiko finalerdiak, biharkoak
Ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izango dute biharkoa pelotazaleek, Hernani eta Irurtzunen arteko finalerdian.
Arratsaldeko 17:30etan hasita, aurreneko partiduan Paul Ojuelek Lansalot izango du aurkari, lau t’erdian. Hernaniarra egoera fisiko oso onean iritsiko da partidura, eta lehia bizia espero da, dagoeneko hamaika erronkari aurre egin dieten bi pelotarien artean.
Ondoren, banaka baita ere, baina frontoi osoan ariko da Lizeaga atzelaria, Ongay aurrelariaren kontra. Jokua emango du seguru, bien artekoak.
Azkenik, binaka ariko dira Arrieta eta Aizpitarte, Olazabal eta Bergeraren kontra. Azken lehia honi finalerdia erabakitzea tokatzen bazaio, tentsio haundiko partidua izango da.