Denboraldia okerretik hasi ondoren, egoerari buelta eman eta sailkapeneko erdi parean kokatu da Mundarro, mutilen Gipuzkoako 1go mailan, sei partidu irabazi eta zortzi galduta. Oraingoz ezin izan ditu hiru garaipen kateatu, hala ere. Eta beharbada, orain dauka aukera, horretarako: etxean jokatuko ditu, hurrengo lau partiduetatik hiru, eta kontrario zuzenen aurrean.
Gaur bertan daukate aurrenekoa, 18:00etan Astigarragako kiroldegian, Alde Zaharraren kontra. Zortzi garaipenekin dago talde donostiarra.
Gero, Takeren kantxan jokatuko dute, eta Askatuak eta Atletico San Sebastianen bisita jaso. Bost garaipen dauzkate Takek eta Atleticok, eta zortzi Askatuakek. Aukera ona, beraz, bolada on bat bilatu eta gorantza begiratzen hasteko.
Neskek, oso partidu zaila
Bestelakoa da egoera, nesken Gipuzkoako 1go mailan. Garaipen bakarrarekin da Mundarro, Bilintx azkenekoari irabazita. Aldaketa askoren urtea izan da astigartarrentzat, eta pixkanaka ari dira egokitzen.
Gaurkoa, ordea, ez dute partidu onena izango bigarrena lortzeko. Oiarso bigarren sailkatuaren kantxan ariko dira, Errenterian, 16:00etan.