Portutxoko kirol parkearen «gabezia nabarmenak» salatu ditu EH Bilduk, prentsa ohar baten bitartez: «2017ko aurrekontuen emendakinen artean eskatu genuen, helduen parke bat jartzea. Ia urtebete beranduago bada ere, Udalak jarri ditu aparatu horiek Portutxon eta Tranbia ibilbidean; beraz, berri ona dela ezin ukatu. Hala ere, begibistakoa da Portutxoko parkeak gabezia nabarmenak dituela», adierazi du.
Bi gabezia eman ditu aditzera EH Bilduk: «batetik, aparatuetara iristeko lokaztegi deseroso bat zeharkatu behar da. Eta bestetik, aparatuak kokatzeko egindako porlanezko plataformek koska bat sorrarazi dute. Kontuan hartu behar da, aparatu hauek adineko jendeak erabiltzeko aproposak direla, eta gaur egungo baldintzak ez dira bat ere egokiak, aparatu horien erabilpen egoki eta segurua egiteko».
Horregatik, proposatu du bidetxo bat egitea, lokatzetatik pasa beharrik ez izateko; eta plataformek sortutako koska, ahalik eta gehien leuntzea.