Ohitura bilakatu da dagoeneko, urtarrilaren bukaerako asteburuan Gipuzkoako trialsin Txapelketak geldialdia egitea Fagollagan, eta halaxe izango da aurten ere. Bihar izango da urteroko hitzordua, Fagollagako inguruetan, goizeko 10:30etatik aurrera.
Zirkuitu desberdinak
Gaztetxo zein helduentzat ikuskizun ikaragarria izango da, urtero bezala. Hasteko, gaztetxoen txanda izango da, beraientzat propio prestatutako zirkuitua. Mendiko aldapak aprobetxatuta, lokatzez, harriz eta oztopoz betetako zirkuitua burutu ahal izango dute gaztetxoenek.
Horretarako, bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa erabiltzeko aukera izango du, baina, bestela, antolatzaileek jakinarazi dute bertan ere izango dituztela, ez daukatenentzat.
Gipuzkoako trialsin Txapelketako aurreneko geldialdia Fagollagan izango da bihar, goizeko 10:30etan hasita. Ondoren, beste lau herritan izango dira, otsaila eta apirila bitartean, hilean behin.
Helduen txanda, gero
Ondoren, helduen txanda izango da. Hainbat zirkuitu desberdin jarriko dituzte haientzat, goialdean eta behealdean eta bertan izango dira trialsinean nabarmentzen ari diren gipuzkoar batzuk. Tartean izango da, Fagollaga ederki asko ezagutzen duen hondarribiar bat: Ion Areitio. Hainbat txapelketa irabazi ditu Areitiok azken urteetan, horien artean, Munduko Txapelketan brontzea lortu berri du, 2017an.
Beste lau geldialdi, otsailetik apirilera bitarte
Gipuzkoako Txapelketaren barruan, bost jardunaldi egingo dituzte bihar hasi, eta apirilera bitartean. Biharkoa izango da aurrenekoa, Fagollagan; Irunen hurrena, otsailaren 25ean; Errenterian, martxoaren 18an; Aretxabaletan, apirilaren 8an; eta Tolosan, apirilaren 29an.