Patrick Polidori 2009 urtean iritsi zen Hernanira eta bere bederatzigarren urtea betetzen ari da entrenatzaile nagusi bezala Hernani Errugbi Taldean. Esan daiteke Hernanik izan duen entrenatzailerik historikoena bihurtu dela Iñaki Quesadarekin batera. Seigarren denboraldia du Ohorezko Mailan Hernaniren Urrezko bigarren aroan, eta Polidorik gutxienez beste urtebetez mantentzeko helburua betetzeko lanean ari da buru-belarri.
Hamabost jardunaldi jokatu dira Heineken Ligan, eta Hernani promozio postuan dago. Nola aurkitzen da taldea fisikoki eta, batez ere, mentalki?
La Vilaren aurka galdu eta gero nahiko ikututa eta buruz ahul xamar egon da taldea egun batzuetan. Asmo askorekin joan ginen eta esku hutsik itzuli ginen aurkari zuzen baten kontra. Partidua ongi prestatu genuen bi astez, eta azkenean, puntu bakar bat ere ez genuen lortu. Barneratzea zaila izan da.
Psikologo lanik egin behar izan duzu?
Hori beti egin behar izaten da. Jokalari bat ez bada, bestea da. Baina hori urterokoa izaten da; borrokaren barruan sartzen den gaia da.
Bi asteko geldialdia ongi datorkizue edo nahiago zenuen aste honetan jokatu egoerari ahalik eta azkarren aurre egiteko?
Ongi datorkigu geldialdia. La Vilaren aurkako kolpea eta gero, atseden mentala ongi datorkigu.
La Vila eta gero, Gernikara bidaiatu behar duzue. Beste aurkari zuzen bat.
Horrela da, ez dago negar egiteko edo atsekabetzeko denborarik Hernani bezalako talde batean. Urteroko borroka da. Azken urteetako Liga ari gara jokatzen eta alde horretatik pena dugu. Aurten orain arteko Ligarik onena jokatzeko geunden, eta gorago egoteko aukerak eta esperantza genituen.
Alde positiboa ikusiz gero, Hernani ohituta dago egoera hau bizitzera.
Beste talde batzuekiko dugun abantaila da. Urtero egoera berdinean gaude eta beraz, jokalariek badakite urduritasunak menderatzen edo kontrolatzen. Partidu guztiak topera izaten dira azken jardunaldietan eta azken esprint indartsu bat egitea zer den badakigu. Ez da sorpresaz harrapatuko digun zerbait.
«Zaleek Landare betetzea beharrezkoa da. Jokalariek asko nabaritzen dute, bizitasuna ematen diete eta hamaseigarren jokalaria edukitzea da»
Egutegia begiratuz gero zazpi partiduetatik hiru jokatuko dituzue etxean. Alcobendas, El Salvador eta Ordiziaren aurka. Zer esaten dizu horrek?
Arrain haundiak dira hirurak. Ordizia momentu ezin hobean, indarbetez, sasoi betean dago. El Salvador denek ezagutzen dugu, beti dago lehenengo postuetan eta txapelketaren bila doa eta Alcobendas agian partidurik eskuragarriena da hiruetatik.
Aurreko denboraldian eta egoera antzekoan partidu hori ongi irabazi zenuten.
Egoera desberdinean iritsi zen Alcobendas. Puntuen beharra gutxiago zaukaten. Orain, berriz, Santanderrekin borrokan dabiltza, hirugarren postua eskuratu nahian. Gainera, aurreko urtean muturreko kondizioetan zegoen Landare, eta horrek ez zien grazia askorik egiten beraiei.
Lesionatuen aldetik nola zabiltzate orain?
Nahiko ongi gaude. Mattin Collado denboraldi osorako dago lesionatuta, baina orokorrean ongi dago taldea eta daude jokalariak. Orain, gainera, partiduak bi-hiru astetik behin jokatuko ditugu eta partiduak prestatzeko eta fisikoki osatzeko egokiagoa da.
Igor Genuak izango al du jokatzerik partiduren bat hemendik denboraldi amaiera arte?
Saiatuko gara hori lortzen eta ea partidu batzuetan berarekin jokatu dezakegun. Orain Australian dabil, gero hortik Zelanda Berrira joango dira eta pasada haundia hartzen du neke aldetik. Handik itzultzen denean zaila da jokatu nahi izatea, baina bueltatzen denean beti dago jokatzeko prest. Hori ez da arazoa izaten, etortzen den bakoitzean deitzen nau eta beharraz galdetzen du. Talde jokalari peto petoa da.
Denboraldiaren azken laurdenerako zaleen beharra izango da.
Beharra daukagu, bai, eta hemendik deia egiten diot zalegoari laguntzeko. Azkenean, Getxo edo Santanderren aurkako norgehiagoketan nabaritu genuen eta hamaiseigarren jokalari bat edukitzea bezala da. Jokalariek nabaritzen dute eta bizitasuna ematen die zaleak beraien atzean daudenean. Oso garrantzitsua da. Kluba autobus bat prestatzen ari da datorren astean Gernikara joateko, eta joan nahi duenak Zintzarrin eman beharko du izena.
World series
Espainiak 22-10 galdu du Ingalaterrarekin
Igor Genua hernaniarra World serietako Sydney Sevensen ari da jokatzen Espainiako Seven selekzioarekin. Atzo hasi zuten txapelketa eta lehendabiziko partidua 22-10 galdu zuten Ingalaterraren aurka. Genua taldeko kapitaina da, eta jokatu egin zuen.
Gaur, bigarren eta hirugarren partiduak jokatuko dituzte, Hegoafrika eta Papua Ginea Berriaren kontra. C taldea osatzen dute lau selekzio hauek. Orain arte, World Serietako bi txapelketa jokatu dira, eta Australiakoa, hamar torneotatik hirugarrena da. Lehendabiziko bietan, 10garren geratu da Espainia, eta postu horretan dago. Australiakoaren ondoren, Zelanda Berrikoa izango da, otsailaren 3an eta 4an.