Badira 20 bat urte Astigarragako Zapiain sagardotegiak Senpere lakuan urtero egiten den Herri Urrats jaialdian sagardoa jartzen duela. Elkarlan horretatik sortutako adiskidetasunari tiraka, oraingoan, etxetik bertatik laguntzeko ekitaldia prestatu du Zapiain sagardotegiak.
Horrela, bihar, 20:00etan hasita, bertso afaria egingo da Zapiainen, eta bildutako diru guztia aurtengo proiekturako erabiliko da: Lartzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart ikastola haunditzeko, hain zuzen.
Unai Agirre eta Amets Arzallusekin, afaria
Prestatu duten menua, sagardotegiko ohikoa, txotxekoa izango da. Bertsolariak, berriz, ohiz kanpoko mailakoak!
Finalean izan diren bi partehartzailek jarriko dituzte bertsoak: Unai Agirre hernaniarrak eta Amets Arzallus lapurtarrak.
Txartelak, aurrez salgai
Afaria eta bertso saioaren prezioa 35 eurokoa da, eta dagoeneko erosi daitezke txartelak Zapiain sagardotegian bertan edo 943 330 033ra deituta.