Aurreneko aldia, Hernanin, zure izena aditzen dugula. Aurreneko lehiaketa zenuen?
Bai! Aurrenekoa!
Zergatik, arrain koloretsua? Sardina ehorzten da Inauterietako azken egunean...
Arraina, sardinagatik, bai! Gauzak begiratzen aritu nintzen, erreferentziak hartzeko, eta arraina aukeratu nuen. Eskama bakoitzari motibo eta kolore bat eman diot, mozorro bat!
Arrainaren muturrak behintzat, akuarelarekin margotua dirudi. Marrazkien artisau zara?
Oinarria dena akuarelarekin margotu dut, eta eskama bakoitzaren motiboa, errotulagailuarekin. Ordenagailuarekin, oraingoz, ez dut marrazkirik egiten. Hobeto moldatzen naiz eskuz. Artisau, edo...
Hernanin agian aurrenekoz entzun dugu zure izena, baina erakusketaren bat egindakoa zara, dagoeneko.
Pare bat egin ditut, Bilboko tabernetan. Orain, otsailean ere beste bat egitekoa naiz, Bilboko Baobab teterian, eta martxoan, Iruñean. Oraindik duda daukat, zer jarri teteria horretan! Orain arte emakumeen bilduma erakutsi izan dut; nire bizitzatik pasa diren emakumeei omenalditxo moduko bat egiteko marrazkiak.
Ilustrazioa ikasten ari zara orain, baina ‘Arramazka’ izeneko proiektuan diozu umetatik marraztu izan duzula. Etxeko afizioa?
Txikitan, umetan, ia denok marrazten dugu. Gauza da, nere ustez, batzuk segi egiten dugula horrekin, eta beste batzuk utzi egiten dutela. Eskoletan ikusten da hori. Ez zaio garrantzia haundiegirik ematen. Txikitan denbora gehiago dago eta marrazten da, baina gero, ezer ez. Nik etxean beti ikusi izan dut. Aitak margotu egiten du. Amaren aita pintorea zen. Ama ere ibili izan da pixka bat. Etxea koadroz beteta dago! Baina ez dakit horrek eragina daukan; anaiak ez du margotzen, eta nik bai!
‘Arramazka’ proiektuarekin saltzen dituzu zure lanak. Zure lanbidea hau izatea nahi zenuke?
Ideala litzateke! Oraingoz, nire marrazkiak saltzen ditut, eta marrazki horiek dituzten poltsak, orri markatzaileak... Donostiako Dott dendan ere saltzen ditut. Gustatuko litzaidake, mundu honetan ibiltzea.
Hezkuntzan ere aritzen zara, baina. Ilustrazioa eta haurren heziketa uztartzea pentsatu duzu?
Haurrentzako albunak egitea gustatuko litzaidake, haiek ikustea asko gustatzen baitzait. Baina pintura klaseak, adibidez, ez nituzke emango. Egia esan, marrazkien mundu honetatik bizitzea gustatuko litzaidakeela esan dut, baina faltan botako nituzke umeak!
«Umetan denok marrazten dugu. Gauza da, batzuk segi egiten dugula horretan, eta beste batzuk utzi. Eskoletan ikusten da hori»
Inauterietara itzulita, Emakumeen bildumako inor erabili izan duzu, zu zeu mozorrotzeko? Frida Kahlo gustoko duzu...
Frida asko gustatzen zait, bai, eta horrela mozorrotu izan naiz. Besteak ez ditut erabili, anonimoak dira.
Aurtengo Inauteriak, Hernanin ala Bilbon?
Asko gustatzen zait mozorrotzea. Hernanin gertatzen zaidana da, ez daukadala Bilboko etxeko ganbara, mozorrotzeko erabiltzen ditudan arropa zaharrekin! Baina Hernanin geratuko naiz. Laster hasi beharko dut pentsatzen, zer jantzi!