Herri Eskolarako Udala lantzen ari den haundipen proposamena klaustrora eta gurasoen elkarte eta komunitatera urriaren amaieran aurkeztu zen. Aukera honek ezpondaren alboan dagoen Arrobitxulo Bidea gehitzen du Herri Eskolako eremura.
«Arrobitxuloko lursailaren eta bertako ezpondaren ezaugarriak kontuan izanda hiru solairuko aparteko eraikuntza berri bat egitea planteatzen du aukera honek. Hamabi gela berri izango lituzke eraikinak, 54 m2koak, eta baita jolas espazio berriak ere; hain zuzen ere, 500 m2ko jolastoki irekia eta 230 m2ko aterpe berria».
«Irisgarritasun arazoak komunikazio-gune berria (igogailua, eskailerak eta pasarela publikoak) sortuz konponduko dira. Sarbide hauek Herri Eskolatik aparteko erabilera publikoa izango dute. Proposamen honek etorkizunean Herri Eskola haunditzea ahalbidetzen du, eta baita eraikuntzaren erabilera aldatzea ere. Merkeena izateaz gain, teknikoek hoberen baloratu duten proposamena da».