Elhuyar Fundazioaren ZientziaKIDE proiektuaren baitan, ikerketa burutu dute Astigarragako Herri Eskolako ikasleek: Urumea ibaiko eta bere bi errekastotako arrain espezie jakin batzuk bilatu dituzte.
Ikerketaren emaitzak, asteartean aurkeztu zituzten ikastolan bertan. Bertan, gainera, erakusketa egon da ikusgai, hamar egunez; eta erakusketa hori bera, kultur etxean jarriko dute, urtarrilaren 22tik otsailaren 5era.
«Gipuzkoako ibairik garrantzitsuenetakoa da Urumea, eta interesgarria litzateke han bizi diren arrainen katalogoa osatzea, espezie batzuk arriskuan baitaude, eta beste batzuk, aldiz, kanpotik ekarriak dira», azaldu dute. Ikerketan, ikusi nahi izan dute, adibidez, lanproia Urumeara bueltatu ote den, edota perka amerikarra eta siluroa bezalako espezie inbaditzaileak, iritsi ote diren.
Teknika, berritzailea
Proiektuan, ikasleak zientzialariekin batera aritu dira, zientzia mundua barrutik ezagutuz; eta eDNA teknika erabili dute arrainak detektatzeko, aurrenekoz Euskal Herrian. Horrekin, arrainek uretan utzitako DNA aztertu dute, ikasleek bildutako ur-laginekin.