Aurrera begira turismoa nola landu zehazteko asmoz, eta turismoko plan estrategikoa osatzeko helburuarekin, hausnarketa prozesua jarri du martxan Hernaniko Udalak, turismoaren inguruan.
Horretarako, hiru bilera deitu ditu Udalak, gaurtik aurrera, bakoitza sektore edo arlo jakin batzuetako herritarrei zuzenduta; Biterin egingo dituzte hiru bilerak.
Aurreneko biak, gaur izango dira. 11:00etan, hasteko, turismoaren sektorekoak diren edota lotura izan dezaketen enpresa pribatuak deitu dituzte bilerara: alojamenduak, jatetxeak, tabernak...
Eta ondoren, 19:00etan hasita, herritarrekin egingo dute bilera. Interesa duten herritar guztiek edota herriko elkarteek dute aukera, bertara azaltzeko.
Ostegunean, 3garren bilera
Hirugarren bilera, ostegunean izango da, 18:00etan, sagardoaren sektorekoekin: Hernaniko sagardogileak eta sagardo elkarteak deitu dituzte horretara.
Laugarren bilera bat ere izango da, urtarrilaren 29an, astelehenarekin, sektore publikoarekin egingo dutena. Bilera horiek izango dira prozesuaren aurreneko pausoa; diagnostikoa, hain justu ere.
Turismoa era iraunkorrean eraiki eta kudeatzeko tresnak eskaintzea, oinarri
2018ko aurreneko hilabeteotan burutuko dute turismoaren hausnarketa eta azterketa; eta turismoaren etorkizuna planteatzeaz haratago, «hori era iraunkorrean eraiki eta kudeatzeko beharrezko tresnak eskaintzea izango du oinarri».
Zentzu horretan, bost helburu nagusi markatu dituzte: eskaintza turistikoaren kalitatea hobetu eta aberastea; herriko biztanleriaren bizi kalitatea zaindu eta hobetzea; bisitari fluxua egoki kudeatzea, sektore publiko eta pribatuen arteko koordinazioarekin; garapen ekonomiko eta soziala, tokiko garapenaren bidez; eta ingurumena eta ondarearen kontserbazioa, goraipamena eta hobekuntza.