Enpresa txiki eta ertainei begira antolatu du TaPuntu Kooperatibak jardunaldi hau: Nortasuna Sarean. Helburua da «interneten ondo posizionatzeko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak» ematea.
Horretarako, jardunaldia antolatu dute hil honen 24rako, 18:30etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Izenematea, debalde
Jardunaldian parte hartzea debaldekoa da, baina aurretik izena eman behar da, eta lehenbailehen egiteko gomendatu dute, plaza mugatuak baitira.
Parte hartu nahi duenak, www.nortasunasarean.eus webgunean eman behar du izena.
Hitzaldia eta mahai-ingurua
Jardunaldiak bi zati izango dituela jakinarazi dute antolatzaileek. Batetik, sare sozial eta webguneetan lanean aritzen diren profesionalek hitzaldia emango dute. Hasteko, Weaddit enpresan Social Media estrategiak garatzen dituen Nagore Cia, web orrien barruko lanketaz arituko da, eta AuditorSEOko Xabier Iglesias sare sozialetan ikusgarritasuna lantzeaz ariko da.
Gero, mahai-inguruan lau kasu errealez ariko dira Mr Euskaldun-eko David Agirrezabalaga, Gaztezuloko Zuriñe Maguregi, Juantxo Tabernako Xabier Agirre eta MeitaiMaitie-ko Gloria Urkola.
Saioak bi ordu inguruko iraupena izango du.