Asteburu polita egin zuten aurrekoa, txirrindulari astigartarrek, maila guztietan. Eta denetan nabarmenena, kadeteetan egin zuen, Enekoitz Azparrenek. Garaipena lortu zuen Beasaingo Usurbe Proban, Olaberrian gora ihes egin eta bakar-bakarrik helmugaratuta. 7 segundura sartu zen bigarrena, Imanol Garcia, eta 45 segundura talde bat, Jaime Romero astigartarra tartean zela; 10garren izan zen, eta taldekako garaipena lortu zuen, Bazpirekin.
Ez zuen makala egin, Urko Semperenak ere. Aiztondo Klasika ezagunean protagonista izan zen, eguneko ihesaldian sartuta. Aurreneko kilometroan egin zuen ihes, eta 14ko taldean aritu zen, faborito batzuk tarteko, ziztu bizian. Nekea nabaritu zuen gero, Alkizan gora geratuta, eta lasterketa utzi zuen, 90garren kilometroan. Alicanteko Eusebio Pascual nagusitu zen azkenean.
Eta erasoan ibili zen Telmo Semperena ere, juniorretan, Oiartzun eta Gaintxurizketa arteko zirkuituan. Hiru aldiz egon zen ihesean, azkenekoan Iñigo Indurainekin; eta bukaeran harrapatu zuten beste zortzi txirrindularik, garaipena esprintean jokatzeko. 7garren izan zen Semperena, eta Aritz Urra nagusitu zen.
Eta alebinak, azkenik, Errenterian aritu ziren. 11 astigartarrek hartu zuten parte, eta 49 txirrindulariren artean, hiru herritar sartu ziren aurreneko hamarretan: Eneko Oliveira 6garren, Eneko Indo 7garren eta Aimar Capdequi 10garren.
Juniorrak Astigarragan barrena, bihar goizean
Asteburu honetan ere izango dituzte lasterketak, astigartarrek. Txikienak, mendiko bizikletarekin ariko dira Oiartzunen, gaur 16:30etan. Kadeteak, berriz, Elgoibarko Sarian ariko dira goizean, 11:00etan hasita, 52 kilometroko ibilbidean.
Juniorrek, berriz, bihar goizean daukate zita, 09:30etan, Egiako Zumy Sariarekin. 79 kilometroko ibilbidea izango dute, eta Astigarragatik ere pasako da lasterketa: erdigunea zeharkatuko dute hiru aldiz, eta Perurena ere igoko dute, norabide bakoitzean behin.
Afizionatu mailakoek, azkenik, zita bikoitza daukate asteburuan. Goierriko Itzulian ariko dira gaur, 15:30etan hasita Urretxun, 119 kilometro egiteko. Eta bihar 10:00etan, Lizarran, 134 kilometroko lasterketan.