Gaua iristen denean, honen argi faltak, iluntasunak... eman ohi digute lana, eta horrek izan ohi du eragina, hurrengo egunean. Eta gai hori aintzat hartuta antolatu dute aurtengo Bota Bertsoa! bertso paperen lehiaketa txikiaren laugarren edizioa, Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak, Gaueko lanak, eguneko lotsak gaiaren bueltan.
Berrikuntza bat, funtzionamenduan
Doberak eta Iraulio Panttalonek proposatzen duten eginbeharra aurreko hiru urtetako berbera da: bertsoak egitera bultzatzea, sagardogintzaren eta bertsogintzaren arteko lotura historiko estua aprobetxatuta. Horiek lehiaketara aurkezteko ez da baldintza berezirik bete behar, izan ere, edozein neurri eta doinutan konposatu daitezke, antolatzaileek azaldutakoaren arabera. Eta parte hartzeko, kaxatxoak jarriko dira Urumealdeko eta inguruko 30 bat sagardotegitan, Hernani, Astigarraga eta Urnietan, hain zuzen ere.
Baina bertan, sagardotegien saltsan eta giroan, bakarrik ez, bertsoak lasai-lasai idatzi nahi dituenak ere, izango du parte hartzeko aukera aurtengoan, entregatzeko beste aukera bat luzatuko baitute, baita ere. Dobera Euskara Elkartearen bidez, emailez ere bidali ahal izango dira: dobera@dobera.eus helbidean jasoko dituzte bertsoak. Bide honen bitartez ere, apirilaren 3a izango da parte-hartzeko azkeneko eguna, eta beraz, orduan jasoko dituzte azkeneko bertsoak.
30 bat sagardotegietan jarriko dituzte kaxak, Doberak eta Iraulio Panttalonek.
Sari-banaketa, apirilaren 13an
Apirilaren hasierara arte jasoko dituzte bertsoak, eta Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako kideek aztertu ondoren, beraiek erabakiko dituzte saridunak. Denetarik banatu izan dute: bertso onenari saria, entretenigarrienari, potoa duenari, errima bereziekin egindakoei...
Aurtengo sari bereziak jakiteko, eta bertso saio berezi bezain umoretsuarekin gozatzeko, dagoeneko jarri dute data Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak; apirilaren 13an izango da.
Bertan, sariak banatzeaz aparte, bertsoak idatzi dituztenek, horiek kantatzeko aukera izango dute, Bertso Eskolako kideen laguntzarekin.
Horien artean dago, Azpeitiko Oierrena, 2017an saridun izan zenetako bat, -tzen errimarekin egindako bertso onena.
Sagardogileek jarritako sariak, Doberako produktuak... denetarik eskuratu ahal izango da.
Sariak, sagardogileek jarriak
Hogei bat sari egongo dira denera, eta denetarik banatuko dituzte antolatzaileek, betiere, sagardogileen laguntzaz: sagardotegietan otorduak, Doberako produktuak... Eta zu, zeren zain zaude? Zein dira zure gaueko lanak? Eta zein eguneko lotsak?
HAU HEGO-HAIZIA!
Hego haizea dabil
negua leuntzen
Astigarragan zortzi
hamabi Zarautzen
sagarduak hamairu
hasi da igotzen
hainbeste gradurekin
hasi naiz berotzen.
Egilea: Azpeitiko Oier.
*2017ko edizioan -tzen errimarekin egindako bertso onenari saria.