Hernaniko Zabaloenea baserrian ez da sagardoa ekoizten, baina bai sagarra. Herriko ekoizle nagusienetakoa da Manuel Iradi eta 30 urte daramatza sagarra ekoizten, baserriko betiko sagasti zaharra berritu eta gero. 2017an Euskal Herrian bertako 6 milioi kilo sagar bildu dira eta horietatik %1 Zabaloenean, bere iloba Luisen produkzioa gehituta %2ra iristen dira. «50.000 kilo bildu ditut sagardotarako, mahaierako sagarra kontutan hartu gabe. Ilobak 60.000 bildu ditu. Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen du homologatuak egotea, konpromezua eta baldintza batzuk betetzea».
Zabaloenean sagardotarako 50 sagar mota inguru dituzte, nahiz eta gaur egun landaketa berriak egiten direnean 14-15 jartzen dituzten edo gomendatzen dituzten. «Horien nahasketarekin sagardo egokiena irtengo dela esaten da. Lehen txertatzen ziren sagar mota batzuk ez dira txertatzen. Gaur egun aztertzen ari dira ea sagar mota batzuk gaitzakorragoak diren edo ez. Txankro asko baldin badu baztertu egiten dira. Gaitzakorrak diren barietateak baztertu egiten dira. Garai batean hauetako asko ziren, baita oso sagardo gozoa ematen zutenak; potrokilo, bizkaitar, mozoloa... horiek iluntasuna ematen diote. Hala ere horren inguruan sagardogileak eta batez ere enologoak dira adituak».
«50 sagar mota inguru ditut sagardotarako»
Manuel Iradik bere garaian Normandia, Asturias eta Bretañako motak ekarri eta frogak egin zituen beraiekin. «Jarri nituen eta hor daude. Guztira 50 mota sagardotarako bakarrik». Hala ere sagardoa edozein sagar klaserekin egin daitekeela azpimarratzen du Iradik. «Sagardoa sagarrarekin egiten da, punto. Sagardo asko egiten da oraindik ere mahairako sagarrarekin, uzta txikia izan denean esaterako. Mahaieko sagarrarekin ere sagardo ona egin daiteke. Nahasketarekin ateratzen dira sagardo osoenak eta horretarako hemen lehen aipaturiko hamabost mota horiek gomendatzen dira».
Euskal Herrian dagoen erronka betikoa da sagarraren munduan, kantitatea. «Azken finean mugatuak gaude kilotan. Ez dago hainbeste sagarrondorik». Eta hor Sagarrandoak Landatzeko Plana aipatu behar da.
Azken urteetan egon den sagar urterik hoberena
2017ko uztak marka guztiak apurtu ditu produkzioari dagokionez. 6 milioi kilorekin 4 miloi litro sagardo ekoiztu dira, eta ekoizpen osoaren %30a bertako sagarrarekin egindakoa da. Zaila izango da datozen urteetan horrelako uzta errepikatzea. Bi urtez behingoa (vecería) mantendu ezkero datorren urtea alde horretatik urriagoa izango da. «Sagar mota asko berez genetikoki bi urtez behingoak dira, urtebi txikia, urtebi haundia, moko... ia gehienak. Hori ez gertatzeko kimaketen bitartez oreka bilatu behar da urtero emateko. Ezin dena da bakanketa (aclareo) egiten hasi dauden baldintzekin. Horrela, ematen badu ongi eta kimaketa eta ongarrien bitartez oreka bilatzen saiatu behar da, urtero sagarra izateko, gutxiago, baino urtero. Sagarrondoak urte batean sagarrez beteta egon badira hurrengo urtean gutxi egongo dira eta bi urtera ere seguruasko urri, oso nekatuta geratu delako. Indarberritzeko beste bi urte behar izaten ditu. Sagarrondoak landatzeko garaian ere bi urtez behingoa den edo ez kontutan hartu behar da».
«2017an eguraldi baldintzak lagundu egin dute»
Eguraldiak ere eragin zuzena izaten du uztan eta 2017an lagundu egin du. «Asko baldintzatzen du. Udaran euria egitea beharrezkoa da, batez ere abuztuan sagarra hazten ari baita. Pasa den abuztuan euria egin zuen. Bildu aurretik bi-hiru astetan asko hazten da sagarra eta aste horietan lehorra egiten badu sufritu egiten du sagarrak. Bizirauteko zuhaitza hostoak botatzen hasten da eta alea txikiagoa geratzen da ur faltagatik. Urteak metereologi aldetik lagundu egin behar du».
Lore garaian oso garrantzitsua da eguraldi onak egitea emankor bihurtzeko, polinizazioa egoteko Manuel Iradik dioenez. «Batzuk apirilan izaten dute loraldia, beste sagar mota batzuk beranduago, egon leike hiru asteren aldea mota batzutatik bestera».
Neguaren arabera lehenago edo beranduago etortzen da sagarra. «Martxoaren azkenaldera, apirilean seguru jakin daiteke sagarra azkar edo berandu etorriko den. Geldialdi begetatiboa egiten du sagarrondoak. Orduan eta negu hotzagoa orduan eta geldialdi luzeagoa egiten du zuhaitzak. Pentsa orain gauden garaian beroa aurreratzen dela eta otsaila nahiko beroa dugula, horrek suposatuko luke sagarra azkar etortzea. 2017an hori gertatu zen eta irailerako sagarra bilduta zegoen. Urtarrrilaren hasieran hotza egin zuen, baino gero otsaila beroa egin zuen eta martxoa ere bai. Berotasunarekin izerditzen hasten da sagarrondoa. Loretikan heldutasunera sagarrondo mota bakoitzak bere egunak dauzka. Gutxi gora behera 150 egun gutxi gora behera. Loraldia lehenago etortzen bada sagarra lehenago etorriko da».Ordiziako feriarako ongi etortzen da sagarra goiz etortzea. «Irailaren 8aren gertuen dagoen asteazkenean ospatzen da. Egon izan dira urteak sagarra gutxirekin joan izan garenak, 2017an berriz arazorik ez dugu izan alde horretatik. Aurten irailaren 5ean da».