Azaroan eta abenduan grabatu zuten Herri Txiki, Infernu Handi telebista saioaren kapitulu bat, Ereñotzun, bertako batzuekin elkarrizketak eta pasadizoak grabatuz, eta baita ekitaldi bat eginez ere, auzotar guztiak gonbidatuta. Saio hori, bihar emango dute, ETB1 telebista katean, 22:00etan.
Protagonista izango dira Kandi, irratiko mezekin eta kroketekin; Nekane, Atsolorrari buruz hizketan; Izaskun, Asterix eta Obelixen tankerako etxea eraikitzen; Florian, Haurra galdu zen harria erakutsiko duena; Benito, Saharan soldaduska egin zueneko kontuekin; eta Antonio, 94 urterekin puzzleak egitea maite duen ereñotzuarra.
Guztiek jasoko dute Mikel Pagadi edo Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleen bisita, eta monologoak ere tartekatuko dituzte. Sebastian Lizasok bertsoak jarriko dizkie.