Iazko erronka, estreinako urtekoa, banaketa antolatua izan zuen Euskal Sagardoak. Eta aurtengoa, ostalaritzaren merkatuan sartzea izango da: «asmoa da merkatu desberdinetan izatea presentzia Euskal Sagardoak; eta orain, estrategikoa da ostalaritza, jatetxe eta tabernetan egotea», dio Unai Agirrek.
Eta dagoeneko, ari dira lan horretan. Herriz herri egingo dituzte aurkezpenak edo bilerak, ostalariekin: «egiten duguna eta daukaguna aurkeztu, eta beraien kezkak eta beharrak ezagutu nahi ditugu. Eta ondoren, beraien beharrak asetzen saiatuko gara. Guretzako oso garrantzitsua da ostalariak inplikatuta egotea».
Aurreneko aurkezpena, Hernanin egin zuten, joan den ostegunean. Bertan, hasteko, eman zizkieten aditzera Euskal Sagardoaren ezaugarriak eta elaborazio prozesuaren nondik norakoak. Ondoren, sagardoa nola zerbitzatu ere gomendatu zieten: «10-13 gradutan kontsumitzea da egokiena, eta horretarako, gu prest gaude kamara txikiak uzteko ostalariei, sagardoarentzako». Gomendatu zieten, baita ere, 10-15 zentimetroko altueran eskantziatzea, edalontzi zabal batean edo kopan: «Hernanin oso apurtzailea izan daiteke sagardoa kopan zerbitzatzea, beharbada; baina Euskal Sagardoa kopan hartzea oso interesgarria izan daiteke. Irabazi egiten du», adierazi zien Unai Agirrek.
Ondoren, aurkeztu zizkien dauzkaten produktu edo elementuak: arbelak, botilak eustekoak, pegatinak, kamara txikiak, eskantziadoreak... Eta kata txiki bat ere egin zuten, bertaratutako ostalarien ideiak, kezkak, proposamenak... jasotzen zituzten bitartean: promozio bereziak egin daitezkeela, lehiaketak, zozketak...
Bigarren aurkezpena, datorren asteazkenean Astigarragan
Bigarren bilerarako ere, dagoeneko jarri dute zita. Datorren asteazkenean izango da, urtarrilaren 24an, Astigarragako ostalariekin: Gure Izarra elkartean, goizeko 09:30etan hasita.
Eta ostalariren batek beraiekin harremanetan jarri nahi badu, hiru aukera: 688 645 946 telefonora deitu, do.euskalsagardoa@gmail.com helbidera idatzi, edo www.euskalsagardoa.eus web orrian.