«Txotx-ak sortzen dituen kalteak gutxitzeko lanean ari gara»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 11a, 01:00

Hernaniko Txotx Mahaiak prentsa oharra kaleratu du Orain Hernani alderdiak eginiko adierazpenen aurrean. «Mahaiak  urteak daramatza txotx denboraldia antolatzen. Txotx denboraldian inplikatuta gauden eragile guztiok har­tzen dugu parte mahai honetan -Udal talde politiko guztiak, sagardogileak, merkatariak, ostalariak eta Kaxkoko bizilagunak- eta elkarrekin arazoak konpontzen saiatzen gara».
Egiten duen lanarekiko errespetu falta iruditzen zaio «egiaztatu gabeko akusazioz betetako idatziak argitaratzea adierazpen askatasunaren babesean; Orain Hernanik egin berri duena horren adibide». Txotx Mahaiak gogora­tzen du Orain Hernani Mahaiaren parte ere bada, eta «idatzia zuzentzea eskatu genien arren, bere horretan jarraitzen du».
Mahaiak dio Kaxkoko bizilagunen kexak kontuan har­tzen dituztela ahal den neurrian. «Denak ez du ‘berdin jarraitzen’. Urtez urte txotx denboraldiak sor­tzen dituen eragin kaltegarria txikitzeko neurriak hartu ditugu eta la­nean ari gara. Komun publiko gehi­ago jar­tzen dira orain, udal­tzainen eta garbitzaileen zerbitzua indartu da, garraio publikoa areagotu, Gudarien plazan informazio eta salaketa gunea jarriko da aurten, tabernen ordutegiak kontrolatzen dira eta kalera beira ateratzea debekatzen da. Hori guztia, gainera, bizilagunekin batera adostuta».

«Zaporeak-en emakumezkoak dira nagusi, baina inaugurazioan ez zuten oholtzara igo nahi izan»

Herrian duen eragina Mahaiak eskatu zuen 
Mahaitik diote txotxaren in­paktua aztertzen ari den lanaren inguruan ere «gezurrak» esaten dituela Orain Hernanik: «Eurotan kontabilizatzen den balorazio neoliberala dela dio eta Gobernu Taldeari inpaktu ekonomikoa interesatzen zaiola. Argitu nahi dugu txotx denboraldiak herrian duen eragina aztertzea Txotx Mahaiak eskatu zuela eta Udalak eskaera hori bideratu duela. Bes­talde, ikerketaz arduratzen ari den enpresak bilera batean azaldu zuen, azterlan kuantitatiboa eta kualitatiboa dela, hau da, eragin ekonomikoaz gain, eragin soziala ere aztertuko zuela. Orain Hernani ere egon zen bilera hartan».

«Argazkian zenbat ­emakume ­dauden ez da parekotasuna neurtzeko erizpide ­garrantzitsuena»
Eta inaugurazio ekitaldian parekotasuna ez egotea egozten dio Orain Hernanik antolatzaileei. Horren inguruan argibide bat argitaratzen du Txotx Mahaiak. 
«Zaporeak kolektiboan emakumezkoak dira nagusi eta harreran, inaugurazioan zein ondorengo bazkarian emakumezkoak egon ziren arren, oholtzara ez zuten igo nahi izan. Txotx Mahaian emakumezkoak daude, antolakuntzan eta ardurazko postuetan.  Eszenatokian edo argazkietan zenbait emakumezko agertzen diren ez da, gure ustez, parekotasuna neurtzeko irizpide bakarra, ezta garrantzitsuena ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!