Badator txotx garaia. Datozen asteetan Hernanin bisitari asko jasoko ditugu sagardoaren kulturan murgiltzeko asmoz.
Garai honetan, Txotx Batzordeak (sagardogileak, ostalariak, bizilagunak eta Udalak) hainbat zerbitzu indartzen ditu, bisitariek egonaldia goza dezaten eta herritarren bizimoduan izan dezakeen kaltea ahalik eta samurrena izan dadin. Garbiketa zerbitzua indartzen da, komun publiko gehiago jartzen dira kalean; segurtasuna zaintzeko udaltzaingoaren zerbitzua handitzen da, liskarrak, jokaera ez-egokiak eta sexu erasoak ahal den neurrian ekiditeko. Herriko autobus zerbitzua ugaritzen da sagardotegietarako joan-etorriak egiteko, baita taxien zerbitzua ere.
Aurten Hernaniko EH Bilduk lanketa berezia egin du txotx garaiaren inguruan, eta alde positiboak eta hobetzekoak aztertu, eztabaidatu eta neurri sorta proposatu dituzte parte hartu dutenek. Udalak aurten gauzatuko ditu neurri hauetako batzuk eta beste batzuk epe ertain-luzera landuko ditu. Berrikuntza nagusia Gudarien Plazan udaltzaingoaren informazio eta arreta puntua jartzea izango da. Larunbatero 18:00etatik 6:00etara, karpa bat izango da, edozein arazo edo liskarren aurrean herritarrek zein bisitariek bertara jo dezaten: sexu erasoen zerbitzuen inguruko informazioa, kontsumo arduratsuari buruzko esku-orriak, garraio publikoaren ordutegiak edo beste beharretarako gertuko arreta eskainiko ditu guneak. Bestetik, gure herrira datozen bisitariei mezu argia eman nahi diegu: Hernanin gozatu eta arduraz jokatu, eta mezu hau presente izango da, formatu ezberdinetan, sagardotegietan, tabernetan, baita gure kaleetan ere.
Jakinik txotxaren errealitateak ertz asko dituela, arlo positiboak indartu eta hobe daitezkeenak urtez urte lantzen jarraituko dugu, dena ez baitugu egun batetik bestera aldatuko.
Disfrutatu sagardoaz eta gure kulturaz!