Urtero bezala, Saharako errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko janari bilketa martxan jarri du EH Bilduk. Baita Astigarragan ere. Gaur emango zaio hasiera eta astebete ondoren, urtarrilaren 27an bukatuko da. Astigarragako Herri Eskolak ere bat egin du ekimen honekin eta datorren aste osoan zehar izango da.
Tindoufeko Saharako errefuxiatu kanpamenduetan, baldintza penagarrietan bizi dira eta honek osasun arazo larriak sortzen dizkie, batez ere, ume eta haurdun eta bularra ematen ari diren emakumeei. Horregatik guztiagatik, aurten ere Piztu itxaropena XIV. Sahararen aldeko euskal karabana martxan jarri da jakiak eta emakumeentzako konpresak biltzeko.
Herriko komertzio batzutan egingo da bilketa
Egoera ezagututa, beharrezkoa ikusten du EH Bilduk ekimenarekin bat egin eta Astigarragako herriak elkartasuna adieraztea. Horretarako Astigarragako hainbat komertziok bilketa honetan laguntzeko deia onartu dute. Parte-hartuko duten komertzioak hurrengoak dira: Tomas Alba kaleko (Isabel) eta N. Almandoz plazako (Ainhoa) Coviran, Ezpela belar-denda, Alicia fruta-denda, Zubitxo eta Eroski supermerkatua. Bertan hurrengo jaki eta produktuak utzi ahalko dira: arroza, lekaleak, pasta, hegaluzea eta sardinak oliotan, konpresak edota azukrea.
Herri eskolan ere egingo da astelehenetik ostiralera arte. Ikastolako ordutegian egin behar dira.
«Oraingoan ere, hirugarren urtez, Udal Gobernu taldeak uko egin dio ekimena antolatzeari. Udal taldearen interes eta lan egiteko gogo faltaren aurrean Astigarragako EH Bilduk hartu behar izan du antolatzeko ardura. Garrantzia handiko ekimena dela eta urteetan, Astigarragak erantzun paregabea eman duela jakinda, kanpaina ez antolatzea arduragabekeria izango zela» uste du EH Bilduk.
«Horregatik, herritar guztiei dei egiten diegu euren aletxoa jar dezaten» azpimarratu dute alderditik.