Urtero bezala, iritsi zaigu berriz ere txotx denboraldia Gaurtik aurrera, eta hiru hilabete luzez, 800.000 pertsona inguru hurbilduko zaizkigu Astigarragara gure sagardoa dastatzera, sagardotegietan bazkaltzera edo/eta afaltzera eta, batez ere, sagardoaren kultura bizitzera. Hauxe da aukera ezinhobea gure herria muin-munetik ezagutzeko.
Aurten, gainera, 25garren Sagardo Berri Eguna ospatu dugu. Azken 25 urte hauetan sagardoaren kultura etengabe bultzatu da Astigarragan eta zoriontzekoa da herriko eragileek, bizilagunek eta ardura politikoa izan dutenek sagardoa sustatzearen alde egindako lana, ondorioz Astigarragan sagardoak bizirik dirau.
Gorabeherak gorabehera, Sagardo Berri Eguna lankidetza eta elkarlanaren eredu dela argi dago, gure herriko izaeraren adierazgarri ezinhobea.
Etengabeko lan honek, duela 25 urte Astigarragako ospakizuna zena Sagardoaren lurraldera zabaldu du. Azken 3 urtetan Hernanik era Usurbilek ere parte hartu dute proiektu honetan. Elkarlan horrek nazioartera eraman gaitu. Ildo horretatik, aipatzekoa da duela bi hilabete ospatu den II. Sagardo Forum jardunaldi teknikoa eta nazioarteko sagardo lehiaketa. Harrotasunez esan dezakegu nazioarteko entzutea hartzen ari dela gure bai euskal sagardoa eta bai Astigarraga ere.
Betidanik landari lotutako lurra izan da gure herria eta, noski, sagardoa astigartarren nortasunaren zati garrantzitua izan da. Hortaz, Sagardo Berri Eguna bizilagun guztion ospakizun bihurtzeko asmoz, Txotx Berri Herrikoia antolatu du azken bi urteetan udal gobernuak Sagardoetxearen laguntzarekin Murgia Jauregian, gure herriko jai nagusienetakoa ez dadin izan soilik erakunde eta sagardogileen ekitaldi ofiziala baizik eta herriko guztion ospakizuna. Astigartarrek egindako lan eta ekarpenik gabe, ezinezkoa izango bailitzateke gaur egun gure herria eta sagardoa nazioarteko panoraman kokatzea.
Bukatzeko, udalak gure herrira gerturatzen direnei herriaz gozatu eta sagardotegietan errespetuz eta gizatasunez jokatzeko eskatzen diete. Ezinbestekoa da gure herritarren lasaitasuna eta lo egiteko orduak ere errespetatzea. Sor dezagun giro ona eta sagardoaz goza dezagun, guztion artean sagarra eta sagardoaren kultura aberastu ditzagun.