Gardentasun falta salatu du EH Bilduk Astigarraga eta Martuteneko 27 poligonoa lotuko dituen bidean

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 20a, 01:00

EH BILDUK abenduaren 19an, prentsa bitartez jakin omen zuen Aldundiak Astigarraga eta Martuteneko 27garren poligonoa lotuko dituen ia kilometro bateko errepidea egiteko pro­iek­tua idatziko duela. EH Bildu­ren ustez «onartezina» da ho­rre­lako egitasmo baten berri lehen aldiz prentsa bitartez jaso behar izatea. «EAJren ereduaren beste adibide bat da. Gainera inguruko bizilagun eta lur-jabe kaltetuak ere prentsaren bitartez ohartu ziren».

EH Bilduren esanetan «pren­­tsa oharrean, Asti­ga­rra­ga eta Donostiako Udalek egin­dako eskaerei erantzuten zien egitasmoa zela adierazten zen. Nola liteke Astigarragako Uda­lak eskaera bat egin izana eta oposizioak eta herritar kaltetuak horren berri ez izatea? Orain arte gaia ez da inon aipatu. EAJren gardentasun eta partehartze falta jasangaitza da».

EH Bilduk dio «erabateko gardentasun falta honi aurre egiteko, abenduaren 27an hainbat galdera luzatu zizkion Udal Gobernuari. Erantzuna urtarrilaren 3an iritsi zen, baina eran­tzunak zerbait argitu beharrean, zalantza, kezka eta harridura gehiago sorrarazi dizkio EH Bilduri».

EH Bilduk Astigarragako Udalak bide hau egiteko eskaerarik egin zuen galdetu zuen eta «Udal Gobernuak ezetz eran­­tzun zuen. Enegarren al­diz, ge­zurra EAJren hitzetan. On­doren plenoan berdina galdetuta, Udal Gobernuak eskaera hori egin zuela onartu  zuen. Zein EAJ sinetsi behar da?».

«Obrari zenbateko aurre­kon­­tua aurreikusten zaion, errepidea noren jabegokoa izan­go den (Aldundiarena edo As­ti­ga­rraga eta Donostiako Udale­na), Asti­garragako Udalak obra egiteko dirua jarri beharko ote duen, errepide berri honek herriko sarrerako biribilguneko trafikoan izango duen eragina aztertu den eta errepide berriaren inguruko bizilagunak in­for­matu diren ez zekitela eran­tzun zuten EAJko kideak» adierazi du Bil­duk prentsa oharrean eta onartezintzat jotzen du­te.  «Udal Go­bernua gezurretan ari da oposizioari informazioa uka­tzen ala proiektuaren inguruan ez daki ezer ere ez. Udal ordezkarien arduragabekeria inoiz imajina ezin zitekeen maile­taraino iritsi da. Astiga­rragako Alkatea berria aurkezteko prentsaurreko publikoan pozik azaldu zen baina ez daki errepide honen inguruan ezer ere ez. Astigartarrak lotsarazi ditu berriz ere».

«Lotura berria: soluzioa edo arazoa lekuz aldatzea?»
EH Bildu jakitun da Ubarburu poligonoak (27garren poligonoak) trafiko arazoak dituela bai­na aurkeztutako loturaren soluzioak kezka ugari sorrarazten diz­kio. «Batetik, motordun ibilgailuentzako soluzioa bakarrik pro­posatzen da eta bizikletak (bidegorriak) eta oinezkoak ahaz­ten dira. Bestetik, dagoeneko oso zigortua dagoen landa ere­­muari beste astindu bat ema­­­ten zaio. Santiagomendiko Paisaia babesten duten bitartean, Txoritokietako magala (ka­mioi aparkalekua), Uru­meako ibarra (AHT) eta Petritegi bailarako (lotura berria) paisaiak suntsitzeko hautua egin dute gorritu gabe eta EH Bildurentzat hori hipokresia erakustaldi onartezina da».

Hala ere, EH Bilduri gehien kezkatzen diona lotura honek herri sarrerako biribilgunean «eragin dezaken trafiko areago­tzea da. Lotura honen sarrera eta irteera guztiak Bide­bitarteko biribilgunetik pasako dira eta ondorioz orain Donostiak duen arazoa Astigarragako herri sarrerara pasatzea ekar dezake. Dagoeneko, goizetan batik bat, ilara nabarmenak sortzen dira Astigarragatik irteteko eta za­lan­tzarik ez dago lotura honek ez dituela gauzak hobetuko».

Oposizioko talde nagusiaren esanetan «EAJk plenoan onartu zuen Donostiako Udala dela bultzatzaile eta onuradun nagusia eta Astigarragak onurak aterako dituen zalantza dute. Hala ere, trafiko arazo larriak etor dai­tezkeela jakitun izanda ere, proiek­tua defendatzen jarrai­tzen dute. EH Bilduk ez du ba­bes­tuko Donostiako udal barrutian dagoen arazoa, Asti­ga­rra­gako herriko sarrera eta irteera na­gusira mugiaraztea. Baina Alkateak zein interes babesten ditu? Donostiakoak ala Astiga­rragakoak?»

EH Bilduk adierazten du «EAJk ez bezala», EH Bilduk ez diola itsu-itsuan baiezkoa eman­go lotura honi. «Horre­gatik, gutxienez, trafiko eta zarata azterketa independentea egitea eskatuko dio Astiga­rragako Udalari». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!