Hernaniko Hezkuntza Plataformak gaurko antolatu du beste Hezkuntza Eskola saio bat. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, udaletxeko areto nagusian, eta oraingoan, Amher elkartearekin elkarlanean ariko da.
Izan ere, Kulturarteko hezkuntza elkarrekin bizitzeko izenburua jarri diote saioari, eta inmigrazioaz eta hezkuntzaz ariko baitira.
Arazoak eta baliabideak, aztergai
Inmigrazioa gaur egungo gizartean gai garrantzitsua bihurtu dela-eta, «eskoletan ere ikasle etorkinekin landutako hezkuntzaz gero eta kezka gehiago sortzen» ari direla dio Hezkuntza Plataformak. Hori horrela, ziur diote: «kulturarteko hezkuntza beharrezkoa dugu jatorrizkoak eta etorkinak elkarrekin bizitzeko».
Gaurko saioa, beraz, Amher elkartearekin antolatu dute, eta hainbat galderen inguruko eztabaida sortzea izango dute helburu; besteak beste: zeintzuk dira ikasle etorkinak eskolatzearen inguruko arazo nagusiak? Gure herriak zein harrera plan eskaintzen die ikasle etorkin etorri berriei? Europa mailan zein norabide hartzen ari dira?