ETBK bi abentura saio estreinatu berri ditu, El Conquistador del Caribe ETB2n eta Gailurra Xtrem ETB1en, arrakasta haundikoak, eta bertan Hernaniko eta Astigarragako lehiakideak badira.
Bihar, 22:20etan, emango zaie hasiera Gailurra Xtrem-eko emisioei. Aurreneko etapa, Irunetik Etxalar artekoa izango da. Zortzi egunetan, GR-11 ibilbideko 300 kilometro egiteko erronka abian jarri dute. Hondarribiko Higerreko faroan hasi eta Monte Perdidon amaituko den erronkak, etapa bakoitzeko 40-45 kilometro izango ditu eta zortzi egunetan amaituko dute.
Grabaketak irailaren amaiera eta urriaren hasiera artean egin ziren eta hamabi lehiakide aritu ziren bi talde desberdinetan banatuta. Horien artean Ainhitze Kalonje Estibariz arraunlari hernaniarra dago, eta baita Axeriak Taldeko Sarah Ugarte Miranda donostiarra ere.
Bi talde desberdinetan daude banatuta eta talde galtzaileko kide bat kanporatu egingo dute etapa bakoitzaren amaieran. Programaren irabazleak, 3.000 euroko saria irabazteaz gain, Zegama-Aizkorri lasterketan parte hartzeko aukera izango du.
Ismael Mateo eta Eider Alonso
Aste honetan bertan hasi da, baita ere, El Conquistador del Caribe programa entzutetsua. Herenegun aurreneko saioa eskaini zuten, eta hemen ere bailarako bi partaide daude. Gainera horietako bat kapitaina: Ismael Mateo Serrano hernaniarrak talde bat izango du bere kargu. Astigarragak ere badu ordezkaria. Eider Alonso Vallejo saiatuko da konkistatzaile onena izaten. Horretarako probak eta botoak irabazi beharko ditu.