Lehengo urteko txotx denboraldiaren hasieran aurkeztu zuten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogile eta erakundeek Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, eta pasa den udaran merkaturatu ziren marka honekin aurreneko sagardo botilak. Azken batean, honekin adierazten dena da sagardo hori %100 bertako sagarrarekin, eta kalitate berme guztiekin egina dela.
Hau guztia ondo azaltzeko, 2018ko txotx denboraldia ireki berri den honetan, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren aurkezpena egingo zaie bihar, Hernaniko ostalariei.
Aurkezpenaz gain, dastaketa
Saioa Biterin izango da, bihar, goizeko 11:00etatik 12:15etarako tartean, ostalariei zuzendua.
Aurkezpenean proiektuaren beraren nondik norakoak azalduko dira, eta parte hartzen duten sagardotegiak ere azaduko dira.
Bukaera aldera, berriz, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardoak dastatzeko aukera izango da. Honekin, ostalaritza sektoreak dituen inpresioak, beharrak eta ideiak zein diren jasotzea izango da helburua.
Era berean, guztia borobiltzeko, ostalarien eskura jarriko da hainbat material ere.
Hernanin, bost sagardotegi
Oraingoz, Hernaniri dagokionez, 5 dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardoa egiten duten sagardotegiak: Akarregi, Altzueta, Iparragirre, Itxasburu eta Zelaia.
Astigarragan ere badira, beste 12: Alorrenea, Astarbe, Bereziartua, Etxeberria, Gartziategi, Gurutzeta, Ipintza, Irigoien-Herrero, Larrarte, Lizeaga, Petritegi eta Zapiain.
Zerrendak, noski, luzatzen jarraitu ahal izango du, edonork egin baitezake Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duen sagardoa, baldintzak betez gero. Aurten, guztira, 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardoa; Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko 5ek eta Arabako 2k.
12 milioitik 4, Euskal Sagardoa
Aurtengoa oso uzta ona izan dela aipatu dute txotx irekiera ekitaldietan. Guztira, Euskal Herrian 12 milioi litro sagardo egin dira, eta horietatik 4, gutxi-gorabehera, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturakoak.