Larunbatean hasi zen ofizialki Hernaniko txotx denboraldia, eta hori horrela, prentsa-oharra helarazi du Kaxko Elkarteak, bere ikuspuntua eta proposamenak azaltzeko.
«Herria bizirik mantentzen laguntzen du»
Hasteko, argi utzi dute Kaxko Elkarteak «babestu egiten ditu txotx irekiera bezalako ekintzak; herria bizirik mantentzen laguntzen baitu, eta lanpostuak sortzen baititu». Baita ere babesten ditu «legezkotasunaren barruan dauden tabernak, gehiengoa direla».
Zentzu horretan azaldu dute: «txotx denboraldia aspalditik egiten da, eta duela urte askotik lanean ari gara eragina ahalik eta txikiena izan dadin, baina ohiturak aldatzea oso zaila da; pausu batzuk eman ditugu, baina ez dira nahikoak izan, hori dela eta, barkamena eskatu nahi diegu eragin horiek jasaten dituztenei».
Lan horri, segida
Lan horretan bidea egiten jarraitu nahi dute, horregatik, Atsedenerako eskubidea eta gaueko aisialdiaren gozamena uztartuko duen Kongresu edo Foroa antolatu nahi dutela berretsi dute. Aurtengo maiatzean izango litzateke, eta helburua litzateke «soluzioak bilatzea eta gutxitzea, ahal den neurrian, Hernanira etortzen diren bisitarien aglomerazioek sortutako arazoak». Horretarako, iragarri dute harremanetan daudela dagoeneko Eusko Jaurlaritzarekin (Arartekoa), Diputazioarekin, alderdi politikoekin, tabernariekin, baita beste udaletako bizilagunekin ere.
Eskerrak, baita ere
Horrez gain, eskerrak eman dituzte baita ere: «foro desberdinetan gure proposamenak eta erreklamazioak egiten utzi izanagatik». «Udalari 2017an egindako ia 50 proposamenetatik, batzuk dagoeneko bete dira, eta beste batzuen erantzunaren zain gaude. Horien artean, nabarmendu dituzte soinu-igortzeen mailen ebaluazioa neurtzen duen txostena, eta Biterin egin zen eztabaida txotxaren ingurukoa.