Maila izugarrian dago Javier Urriza, ia garaiezin, gainerako erremontistak baino koxka bat gorago. Eta hala erakutsi zuen larunbatean, berriro, Buruz Buruko Masterraren finalean. Ezustekoa bilatu nahi zuen Endika Barrenetxea hernaniarrak, baina aukerarik ez zion eman Iruñako txapeldunak: 30-19 nagusitu zitzaion.
Hasieratik bukaerara izan zuen partiduaren kontrola Urrizak, baina datu bat izan zen bereziki nabarmentzekoa: ez zuen huts bakar bat ere egin jokoan; egin zuen akats bakarra, sakez falta bat.
Horren aurrean, askorik ezin izan zuen egin hernaniarrak. 12 tanto egin zituen jokoan, eta beste sei sakez; ondo sakatu bazuen ere, errestoan bikain aritu zelako Urriza. Lau akats egin zituen Barrenetxeak. Nafarrak, aldiz, 19 tanto lortu zituen jokoan, eta zazpi sakez.
Partidu erditik aurrera, finala erabat hautsita
Urriza nagusi izan arren, hala ere, finalean sartuta mantendu zen Barrenetxea, partiduaren erdira arte. 15-12 eta 18-14 joan zen, markagailuan gertu; baina hortik aurrera, zortzi tanto egin zituen segidan Urrizak, eta erabat hautsi zuen finala, 26-14 jarrita. Orduan, sakea berreskuratu eta txokotik sakatzen hasi zen Barrenetxea, baina gerturatu bazen ere (27-19), ezinezkoa zen partiduari buelta ematea.
Barrenetxea, sasoi onean
Galdu egin zuen larunbateko finala Barrenetxeak, baina momentu gozoa izaten ari da, eta sasoi onean dagoela erakutsi du. Binakakoan atzelari onena izan ondoren, frontoi motzeko txapelketaren finalera sailkatu zen Utergari irabazita (Urrizak irabazi zion finala); eta Uterga menderatu zuen Masterreko semifinalean ere.