Trikitilariak Kaxkoan gora eta behera, Kalez Kale Kantari Plaza Berrin, eta kirikoketa erakustaldia Plazan. Eguerdia baino lehen hasi zen giroa pizten, momentu berezienaren preludio: kanpaiek 13:00ak zirela iragarri zutenean, eta txalapartarien deiari erantzunez, arkupeen ingurura gerturatu ziren herritarrak, txotx denboraldi berriari hasiera emateko.
«Pozik egoteko eguna» zela adierazi zuen Luis Intxauspe alkateak, eta txotx garaiaz gozatzera gonbidatu zituen denak; baina aldi berean, kanpotik datozenei eskatu zien, «errespeta ditzatela Hernani eta hernaniarrak; eta gogoratu, eraso sexistarik gabeko herria dela».
Zaporeak proiektuari errekonozimendua egin zioten gero, eta beraiek izan ziren aurreneko kupela ireki eta sagardo berria probatu zutenak.