Hasi da txotx denboraldia!

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 13a, 15:22

Martxan da Hernaniko txotx denboraldia, dagoeneko. Gaur eguerdian ireki dute aurreneko kupela, Zaporeak proiektuko kideek.

Goizean zehar izan dira trikitilarien doinuak, Kalez Kale Kantarioken abestiak eta kirikoketa erakustaldia, Plazan jendea bildu duena. Eta 13:00ak jo duenean, oholtzara deitu dituzte herritarrak, irekiera ekitaldiari hasiera emateko. Bertan eskertu die Luis Intxauspe alkateak, Zaporeak proiektukoei, egiten duten lana. Eta bertan eman diete, Aitor Ruiz de Eginoren eskultura. Zaporeak proiektuko kide batek ere hartu du hitza, «bihotzez» eskertzeko herritarren babesa eta jasotako errekonozimendua; eta adierazteko «ohorea» izan dela, lotura estua daukatelako Hernanirekin.

Gero, oholtzatik jaitsi eta sagardo berriaren aurreneko tragoa egin dute, herritarrei bidea eginez segidan, kupelara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!