Egunaren hoztasunaren aurrean, herritarrak berotuko dituen moduko eguna izango da gaurkoa, Plazan. Herriko kulturaren zutabeetako batek, egun haundia izango du gaur: txotx denboraldiaren irekiera, hain zuzen. Goizeko 11:45etatik aurrera, festa giroa izango da nagusi, eta gailurrera iritsiko da, 13:00ak aldera, Zaporeak Proiektuko kideek «hau da gure sagardo berria» oihukatuko dutenean.
Horrela irekiko da 2018ko aurreneko kupela, eta herritarrei emango zaie aukera, probatu dezaten.
Eguna borobiltzeko, herritarren, Udaleko eta Zaporeak Proiektuko omenduen ordezkaritzak Goiko Lastola sagardotegian bazkalduko dute, txotx denboraldiaren hasiera ofiziala eginez.
URTARRILAK 13, larunbata
11:45-12:30, Trikitilariak, herriko kaleetan barrena.
11:30-13:00, Kirikoketa. Baztanen sagardoa egiteko modua azaltzen duen ikuskizuna: dolarea, prentsa, dantza...
12:00, Kalez Kale Kantari. Plaza Berritik abiatu, eta kalejiran Plazaraino.
13:00, Txalapartariak.
13:00, Txotx irekiera ekitaldia. Omenduak: Zaporeak proiektuko lan taldea.
14:30, Bazkaria, Goiko Lastola sagardotegian.
OTSAILAK 24, larunbata
XII. Sagar Lasterra herri krosa.
URRIA ALDERA
VIII. Sagar Martxa, egun erdiko txangoa. Azken urteotan apirilean izan bada ere, data aldatu eta urria aldera egitea aurreikusi dute. Sagardotegietatik igarotzen den ibilbidea da, eta orduan ariko dira sagardoa egiten, sagar usaina sagardotegi inguruetan...
Peio Garcia Amiano Zaporeak Proiektua
«Hernaniarrak Zaporeak proiektuaz eta batez ere, errefuxiatuez gogoratzea eskertzekoa da»
Zaporeak Proiektuaren ordezkari Peio Garcia Amiano izango da gaur eguerdian Hernaniko txotx denboraldia irekiko duenetako bat; berarekin batera «dozena erdi lagun» etorriko direla azaldu dio Kronikari, «horietatik hiru, Atenastik etorri berriak direnak, eta besteak, hemendik gaiaren ardura daukatenetako batzuk».
Zaporeak Proiektu solidarioa izango da gaur, eguerdiko 13:00etan Plazako oholtzara igo eta 2018ko txotx denboraldiari hasiera emango diona. Txotx Mahaiak erabakita izango dira protagonistak: «poztasun haundia sentitzen dugu; guretzat oso garrantzitsua da, izan ere, hernaniarrak Zaporeak Proiektuaz eta batez ere, errefuxiatuez gogoratzea eskertzekoa da», azaldu dio Kronikari Peio Garcia Amiano Zaporeak Proiektuaren ordezkariak.
«Errefuxiatuen gaia ahaztuta dagoela dirudi»
Eskertuta agertu da Garcia Amiano, baita ere, gaia berriro ere kaleratzeko aukera ematen duelako: «errefuxiatuen gaia ahaztuta dagoela dirudi, eta ez da hala, errefuxiatuak iristen jarraitzen dute», gogorarazi du.
Etiopiako Wukro
herriak ostalaritza
eskola bat eraikitzeko lanetan ari dira.
Zentzu horretan, txotx denboraldiaren irekiera Zaporeakeko ordezkariak egitea garrantzitsua da, Garcia Amianoren ustez, bi arrazoiengatik: «batetik, gogoratzen direlako errefuxiatuak hor daudela oraindik; eta bestetik, lan honetan jarraitzeko indarra ematen dizulako».
Ordezkaritza zabala, gaur
«Dozena erdi lagun» izango dira gaur, Plazako oholtzara igoko direnak, «horietatik hiru, Atenastik etorri berriak direnak, eta besteak, hemendik gaiaren ardura daukatenetako batzuk».
Izan ere, egun Atenasko Victoria Social Center eraikinean ari dira lanean, SOS Errefuxiatuak elkartearekin batera.
Horrez gain, Hernanirentzat hain berezia den Etiopiako Wukroko ostalaritza eskola errealitate bihurtzeko pausuak ere ematen ari dira: «dagoeneko jaso dugu materiala eskola eraikitzeko, bidaltzeko zain gaude. Gure ideia da bertan ostalaritza eskola bat sortzea, eta horrekin batera, jatetxe bat irekitzea».