Urtarrilarekin batera, matrikula epea zabaldu dute, berriro, Hernaniko AEK euskaltegian eta Udal Euskaltegian, orain izena eman nahi duten ikasle horientzako.
AEKn, ateak zabaldu dizkiete, batetik, HABE azterketan izena emateko asmoa daukatenei, euskaltegian bertan daukatelako aukera, azterketa prestatzeko. Eta bestetik, baita euskera praktikatu eta hobetu nahi dutenei ere: «talde giro ezin hobea topatuko duzue, mintzapraktikarako aukera, eta Zilegi Eskoletan parte hartzeko parada», animatu dituzte ikasleak, apuntatzera.
Horretarako, hiru aukera dauzkate: Hernaniko AEKren lokalera (Larramendi 11, behea) jo dezakete, telefonoz deitu 607 592 864 zenbakira, edo bidali mezua hernani@aek.eus helbide elektronikora.
Udal Euskaltegian, berriz, ikasleek aukera izango dute, dagoeneko sortuta dauden taldeetan sartzeko. Horretarako, euskaltegian bertan galdetu dezakete, eta informazioa eskatu: Karobieta auzoa 63ko lokalera jo, 943 33 18 96 telefonora deitu, edo emaila idatzi, euskaltegi@hernani.eus.