Futbolaren munduan ere jasoko du errekonozimendua, Maialen Lujanbiok, Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldun izan ondoren. Ohorezko sakea egingo du bertsolari hernaniarrak, bihar iluntzean, Donostiako Anoeta futbol zelaian; eta modu horretara, omenaldia egingo diote, Realaren eta Bartzelonaren arteko partiduaren aurretik.
Iluntzeko 20:45etan izango da hori, eta Lujanbio ez da, bertan errekonozituko duten bertsolari bakarra; ezta hernaniar bakarra ere. Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiko beste finalista guztiak, BECen Lujanbiorekin batera aritu zirenak, Anoetako palkoan egongo dira, partiduan.
Hortaz, bertan izango dira Unai Agirre hernaniarra, Bertso Eskolako Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi, eta Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza eta Aitor Sarriegi.
Omenaldi horren bitartez, «bertsolaritzari eta euskal kulturgintzari keinu bat» egin nahi izan die Realak, «gure konpromisoa kirol arloaz haratago baitoa», azaldu du talde txuri-urdinak, web orrian.