Txapelketa Nazionaleko final laurdenak, Idiazabalen etzi

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 12a, 01:00

Asteburu potoloa izango dute pelotari hernaniarrek, gaurtik hasi eta igandera arte. Hainbat txapelketa garrantzitsutan ari­­ko dira, torneo ofizialak zein pribatuak.
Pribatuetako bat, Euskal He­rriko Torneo Nazionala izango da. Lea Artibai taldeari irabazi zion Hernanik, final zortzirenetan (2-1). Paul Ojuel Oka­mi­kari nagusitu zitzaion aurrena lau t’er­dian (18-3), eta Mar­kel Lizeagak buruz burukoan irabazi zion gero, Arrizabala­ga­­ri (18-10). Dena erabakita, gal­du egin zuten Iñigo Urkizuk eta Eneko Aizpitartek, Uriona eta Uriondoren kontra (13-22).
Txapelketan aurrera eginda, final laurdenetan ariko da Hernani, igandean; arratsal­de­ko 17:00etan, Idiazabalen.
Eta aurrean, Tolosa izango dute, kontrario zaila: «horregatik, Hernaniko pelotazale guztiei eskatu diegu laguntza, bertara joan eta animatzeko», adierazi dute pelota elkartetik.
Hernanik aldaketa bakarra egingo du, kanporaketa honetarako: Ioritz Arrieta ariko da Aizpitarterekin, Urkizuren par­tez. Beste bietan, Ojuelek eta Lizeagak jokatuko dute.

Tolosaren kontra, Ojuel ariko da lau t’erdian, Lizeaga buruz buru, eta Arrieta eta Aizpitarte binaka.

Beste hiru txapelketa martxan, asteburuan
Txapelketa publikoen artean, berriz, hiru hasiko dira asteburu honetan: Euskal Herriko txapelketa batetik, Hernaniko bi bikote izango direla nagusien 1go mailan; Gipuzkoako errendimendukoa bestetik, 11 talde hernaniarrekin (5 alebinetan eta 6 infantiletan); eta Udaberri torneoa azkenik, lau talde hernaniarrekin (kadeteetan bat, jubeniletan bi eta na­gusietan beste bat). Hiru txa­pelketa horietan, gaur bertan jokatuko dira partiduetako ba­tzuk: Urkizu-Labaka 19:00etan Galdakaon; Arruti-Martin Le­zon 18:15etan; eta Gorro­txa­te­gi-Ur­dangarin 18:30etan Andoainen.
Garrantzitsua izango da, igandean Ojuelek eta Aizpi­tar­tek Hernanin jo­katuko dutena, Euskal Herrikoan. Oiar­pe­ko Ugalde anaien kontra jokatuko dute, 17:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!