Otsailaren 3an abiatuko da Baietz Hernanik! egitasmoa, Euskara Ari Duren eskutik. Egun horretatik aurrera, 11 hilabetez, erronkak betetzeari ekingo diote hernaniarrek.
Eta horretarako, dagoeneko zabalik dago izenematea. Asteartean ireki zuten epea, webgunea martxan jartzearekin batera: www.euskaraaridu.eus. Web orrian bertan apuntatu daiteke, formularioa beteta; Larramendi 11ko lokalean; edo 673 926 133 telefonora deituta.
Bakoitzak bere erronka, eta ekiteko hilabetea
Hizkuntza ohitura bat aldatzea da erronka, baina guztiek ez dute izango erronka bera. Norberak berea pentsatu behar du, eta hilabete bakoitzerako, erronka bana aukeratu dezake, gainera. Erronkari zein hilabetetan heldu ere, aukeran izango da. Horretarako, hilero zabalduko da izena emateko epea. Eta gero, hilean behin, partehartzaileei inkesta pasako diete emailez, erronkaren jarraipena egiteko, eta egitasmoak izan duen eragina baloratzeko. Bertan galdetuko zaie, erronka zein neurritan bete duten.
Erronkak ezberdinak izan arren, guztien helburua bera izango da: Hernanin euskeraz bizitzea. Horretarako, aldatu nahi dute ohitura, eguneroko harremanetan euskerara jotzekoa: «euskeraz dakigunok euskerari eutsi behar diogu, ahal den guztietan; eta euskeraz ulertu bai baina hitz egitea kostatzen zaigunoi, eskatu behar diogu, euskeraz dakienari, euskeraz jarraitzeko».
Beraz, nabarmendu dute guztientzako moduko erronkak badaudela: «denok izango duzue parte hartzeko aukera! Animatu eta eman izena!».