Elizondotik Urkiagara joateko, izenematea gaur arte

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 11a, 01:00

Beste etapa bat, hirugarrena, osatuko du Mendiriz Mendik, GR-11 ibilbidean. Igande honetan izango da hori, eta Elizon­do­tik Urkiaga mendatera joan­go dira, 18 kilometroko ibilbidea osatzeko, 1.100 metro igo eta 350 metro jaitsita. Sei ordu inguru beharko dituzte.
Bertara joateko, 07:30etan abiatuko dira Atsegindegitik, baina aurrez eman behar da izena. Gaur da apuntatzeko azkeneko eguna, eta elkartearen lokalean (Iturregi plaza) egin beharko da, 20:00etatik 21:00etara. Bazkideentzat 13 euro dira, eta bazkide ez direnentzat, 17 euro.

Etapa ez oso luzea, eta mendian ohituta dauden guztientzat aproposa
Mendiriz Mendik azaldu du, hirugarren etapa hau ez dela oso luzea, eta igoera nahiko progresiboa dela: «beraz, men­dian ohituta dauden guztien­tzat aproposa da». Jakinarazi dute, gainera, seinaleztapena ona dela, baina lainoa badago, orientatzeko arazoak izan daitezkeela etaparen goiko aldean.
Zailtasun berezirik gabeko ibilbidea izango da, eta nahikoa izango da mendiko material arrunta. Hori bai, norberak bere bazkaria eraman beharko du motxilan.
Elizondoko Santiago elizaren ingurutik abiatuko dira, marka zuri-gorriei segika, eta asfaltatutako pista berehala utziko dute, bidezidor batean gora Urbillo lepora iristeko. Bertatik, aukera izango dute Alba igotzeko, desnibela gehituz baina distantzia laburtuz, «eta bistak zoragarriak dira bertatik, egun argiarekin»; edo Alba iparraldetik inguratzeko, Hargibel mairu-baratzera iri­tsiz. Hortik aurrera, lepoz lepo joango dira: Lohiluze, Buztan­be­rro, Zagua, eta pagadi batean barrena iritsita, Urkiaga.

Eski ikastaroak ere bai, asteburu honetan
Irteera horretaz aparte, beste zita bat ere jarri du Mendiriz Mendik, asteburu honetarako. Iraupen eskiko eta eski alpinoko ikastaroak egingo dituzte, larunbatean eta igandean, au­rreko urteotan bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!