Dagoeneko pasa da 2017-2018ko ikasturte erdia, eta pixkanaka hasi dira hurrengoa prestatzen. Horrela bada, datorren astelehenean, urtarrilaren 29an hasita egin ahal izango dute aurrematrikulazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta gazteak, eta beraz, Hernaniko, Astigarragako eta Ereñotzuko ikasle berriek. Beranduxeago izango da nafarren txanda, otsailaren 1etik hasita.
Aurrematrikularako azkeneko eguna ere, desberdina da bi kasutan. EAEko eskoletan, hau da, Hernani, Astigarraga eta Ereñotzukoan, otsailaren 9ra arte izango da aukera izena emateko; eta Nafarroako kasuan, hau da, Goizueta eta Aranoko gaztetxoek, otsailaren 7ra arte izango dute aukera.
Otsailaren 9ra arte dago izena emateko aukera EAEn; 7ra arte, ordea, Nafarroan.
2016ean jaiotakoei deia
Nahiz eta aurrematrikulazioa haur hezkuntzatik hasi eta bigarren hezkuntzara luzatzen den, Urumealdeako eskaintza kontuan hartuta, aurreneko aldiz matrikulatzen direnei dei berezia egiten diete. Horiek dira, aurten, 2016. urtean jaiotako haurrak.
Hernani eta Ereñotzuren artean, 178 haur daude deituta Haur Hezkuntzako aurreneko mailan izena ematera. Pixka bat baxuagoa da kopuru hori Astigarragan; bertan, 103 neska-mutil jaio baitziren 2016an.
Bigarren Hezkuntzako eskaintza, Hernanin bakarrik
Bigarren Hezkuntzaren kasuan, Urumealdeko herri bakarrak dauka eskaintza propioa herrian bertan: Inmakulada ikastetxean edo Hernani BHIn burutu daitezke ikasketa hauek; 16 urtera artekoa, lehenengoan, eta 18ra artekoa, bigarrengoan. Bertan aurrematrikulatzera daude deituta, batez ere, 2006an jaiotako gaztetxo hernaniarrak; 193 dira.
Astigartarrak, oraindik, Hernanira edo Martutenera joan ohi dira, bigarren hezkuntzako ikasketak osatzera.
Eskaintza zabala, Urumealdean
Horientzat, eta nahiz eta dei berezian ez jaso, beste mailetan izena eman nahi dutenentzat, eskaintza zabala dago Urumealdean.
Hernani, herri haundiena izanik, eskaintza zabalena dauka. Hain zuzen, lau ikastetxe daude aukeran, Haur eta Lehen Hezkuntzan; eta bi, ordea, Bigarren Hezkuntzan. Aurreneko bostak dira: Elizatxo (427 ikaslerekin); Inmakulada; Langile (710 ikasle dituena); eta Urumea (425 ikaslerekin). Eta beste biak, Hernani BHI Institutua, 824 ikasle ditu 12 eta 18 urte bitartekoak, eta Inmakulada ikastetxea, 250 ikasleko zentroa kontzertatua dena.
Astigarragak aukera bakarra dauka: Astigarragako Herri Eskola. 527 ikasle ditu ikasturte honetan, eta gutxinaka haunditzen ari den eskola publikoa da.
Ereñotzun ere bada aukera, eskola txikia delakoa dena; Txirrita Eskola publikoak, 73 ikasle ditu egun, eta proiektu berezia dauka.
Eta azkenik, Goizuetako eta Aranoko txikienek eskola partekatzen dute; Andres Narbarte ‘Xalto’ ikastetxea Goizuetan dago kokatua, eta egun, 71 ikasle ditu.
Herrian ikasteak, balio erantsia
Eskolen aurkezpena eta eskaintzarena egitean, herrian bertan ikasteak daukan garrantzia eta horrek ematen duen balio erantsia aldarrikatzen dute eragileek.
Era berean, Hernaniko Udalak, kalitatezko irakaskuntzaren aldeko apostua egitea ere badela dio. Arrazoi asko aipatzen ditu horretarako: «euskalduna eta eleanitza da; parte-hartzailea; herrian txertatua; anitza eta integratzailea; herriko eskolen arteko elkarlana bultzatzen duena; irakasleen formazio etengabeari garrantzia ematen diona; ingurumena zaintzeaz arduratzen dena; eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dituena».
Horrez gain, gainera, abantailaz jositako eskaintza dela diote: «merkeagoa da; erosoagoa da; seme-alaben heziketa hurbil-hurbiletik jarraitu dezakezu; ikastetxearen egunerokotasunean parte hartze zuzena izango duzu; seme-alabek herrian bertan lagunarte zabala izateko aukera dute; herriko jarduerak eta zerbitzuak eskura dituzue; eta herriarentzako aberasgarria da».
ESKAINTZA, BAILARAN
Astigarraga
Astigarragako Herri Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 527 ikasle aurten. Telf.: 943 55 12 62.
Hernani
Elizatxo Ikastola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 427 ikasle aurten. Telf.: 943 55 72 24.
Inmakulada ikastetxea. Haurtzaindegitik, Bigarren Hezkuntzara. 250 ikasle aurten. Telf.: 943 550 233.
Hernani Institutua. Bigarren hezkuntza. 824 ikasle aurten. Telf.: 943 551 188.
Langile ikastola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 710 ikasle aurten. Telf.: 943 555 423.
Urumea ikastola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 425 ikasle aurten. Telf.: 943 550 472.
Ereñotzu
Txirrita Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 73 ikasle aurten. Telf.: 943 554 256.
Goizueta
‘Xalto’ Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntza. 71 ikasle aurten. Telf.: 948 514 005.