«Sagardotegi eta ostatuei lagundu nahi diegu, beraien elektrizitate prezioak hobetuz»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 10a, 01:00

«Gure inguruko enpresei la­guntzen jarraitzeko asmoz», beste bi sektorerekiko interesa erakutsi du orain Hernaniko EAJ-PNVk; «bi sektore oso ga­rrantzitsu herriarentzat: sagar­dotegiak eta ostalaritza establezimenduak». Eta helburua ere garbi dauka: «batak besteari lagunduz, elkarlanean, be­raien emaitzen kontua hobetu nahi dugu», adierazi dute.
Azaldu dutenez, aurrena leihoak fabrikatzen dituzten enpresekin egin zuten bezala, eta gero moto elektrikoen bes­te enpresa batekin, oraingoan sagardotegiak eta ostalaritza babesten saiatuko dira: «asmoa da, nahi duten sagardotegi eta ostalaritza establezimendu guz­tiekin, kontsumo elektriko bo­lumen interesgarri bat biltzea, gero enpresa elektrikoei aurkezteko, eta prezioak hobetu ahal izateko. Guk nahi dugun bakarra da, elkarlan edo kolaborazio hori erraztu eta lor­tzen lagundu; eta fruituak ematen baditu, komerzializa­tzaile batek azalduko dizkie eman beharreko pausoak, in­te­resatuei», jakinarazi dute alderdi jeltzaletik.

EAJrekin zuzenean, Berriak elkartearekin edo telefonoz, interesa daukatenek
Andoni Amonarraizek, EAJren bozeramaileak, azaldu du sa­gardotegiekin harremanetan EAJtik bertatik ari direla jar­tzen zuzenean; eta ostalaritza establezimenduei informatu eta interesa daukaten ezagu­tzeko, Berriak elkartearekin ari dira elkarlanean.
Baina Berriak elkartekoak ez direnek ere, parte hartu de­zakete. Nahikoa dute telefonoz deitzea, zenbaki honetara: 943 33 70 12. Bertan emango diete informazio guztia.
Hasitako bidearekin pozik azaldu dira alderdi jeltzalean: «badirudi etorkizun haundiko ideia izan daitekeela, eta garbi dago, helburua lortuz gero, zu­zenean hobetuko duela enpresa horien emaitzen kontua; gure inguruko sagardotegi eta ostalaritza establezimenduena, alegia», nabarmendu dute.

Enpresen jarduera eta lan baldintzak hobetzea, eta enplegua sustatzea, ardatz
Bukatzeko, EAJk ziurtatu du, prentsa oharrean, lanean ja­rraituko duela bide horretan, hiru ardatzekin: «saiatuko gara gure inguruko enpresei laguntzen, beraien jarduera hobetzeko; langileen lan-baldintzak hobetzeko; eta baita gu­re herrian enplegua susta­tzeko ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!