Pentsionisten mozioa onartuta, PSE-EEren abstentzioarekin

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 22a, 01:00

Berritzeko lanak guztiz bu­ka­tuta eta itxuraldatuta ageri zen pleno aretoa, asteartean, martxoko plenoa egiteko ordu­an. Luis Intxauspe alkateak ja­kinarazi zuen hasieran, dagoeneko bukatu duela lana Victor Goikoetxea artistak, eta apirilean egingo dutela aretoaren aurkezpena, artistaren beraren eskutik, azalduz zer adierazi nahi izan duen.

Plenoari dagokionez, abenduko eta otsaileko aktak onartu zituzten aurrena, eta dekretuen inguruko berri-emateei ekin zieten gero. Orain Herna­nik eta EAJ-PNVk dekretu ba­tzuen inguruan adierazitako zalantzak argitu zituen alkateak, zehaztuz zein gasturi zegokion de­kretu horietako bakoi­tza. Eta hirugarren puntuan, onartu zu­ten dekretua berrestea, Gi­pu­z­koako Honda­ki­­nen Kon­tsor­tzioaren 2018ko tarifen kontra errekurtsoa jartzeko. «Azke­ne­ko urteotan bezala, errekurtsoa jarriko dugu, hernaniarron kontrako tarifak direlako. Asko birziklatzen dugunoi, asko ko­bratzen digute», azaldu zuen Intxauspek.

Pentsionista eta jubilatuen mozioarekin, eztabaida
Plenoko laugarren eta azkeneko puntua izan zen, Duinta­su­na pentsionista eta jubilatuen elkarteak aurkeztutako mozioa. Bertan, azaldu zuten pentsiodunak aspaldi nabaritzen ari direla, beraien pentsioen erosteko ahalmena murrizten ari dela, eta gero eta zailagoa egiten zaiela duintasunez bizitzea. Azaldu zuten, gainera, uste du­tela borondate politiko kontua dela, dirua egon badagoelako; eta horregatik, eskatu zioten Udalari: pentsioen %0,25eko igo­era «ziztrina» arbuiatzea; 1.080 eurotako pentsio minimoa ezartzea eskatzea, eta hori posible ez den bitartean, Eus­ko Jaurlaritzari eskatzea beha­rrezko osagarria ezar dezan; eskatzea Euskal Herriko Babes eta Gizarte Segurantza Siste­ma ezar dadila; arbuiatzea 2019an ezarri beharko litzatekeen jasangarritasun faktorearen ezarpena; eta erabaki horiek bidaltzea Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari.

Jakinarazi zuten, gainera, 300 sinadura baino gehiago bildu zituztela asteleheneko kontzentrazioan, mozioa ba­bestu duten herritarrenak.

Mozioaren harira, eztabaida sortu zen, talde politikoen artean. EAJko Andoni Amona­rraizek azaldu zuen mozioarekin ados zeudela, eta guztiz borobila izateko, eskatuko lu­ketela pentsioen kudeaketa EAEra transferitzea, sistema berri bat ezarri beharrean.

EH Bilduko Xabier Lertxun­dik, zoriondu zituen mozioagatik eta egiten ari diren mobilizazioengatik: «lotsagarria eta iraingarria da jasaten ari zaretena; Hernanin, 134 pertsona dira, pentsio minimoarekin daudenak. Guk bat egiten dugu mozioarekin». Eta adierazi zuen, sentsazioa daukala, «Madrilera begira» daudela EAJ, OH eta PSE-EE, eta aurkeztu izan dituzten mo­zio­ak ez direla nahikoak. «Pozten naiz, baina harritu ere bai, EAJk alde bozkatzeaz».

Amonarraizek erantzun zi­on, beraiek Hernaniko EAJ di­rela, eta halakotzat bozka­tzen dutela beti, Hernanirako.

PSE-EEko Ricardo Crespok, azaldu zuen pena ematen zie­la ezin mozioa babestea, testua «PSOEren kontrakoa delako, PPrekin parekatzen baitu; eta uste dugu ez direla konparagarriak. Gainera, pentsio sis­tema propioaren kontra gau­de, gizarte segurantzaren kutxa hautsiko lukeelako».

Orain Hernaniko Nora Reyk azaldu zuen, mozioaren puntu guztiekin zeudela ados, eta ez daudela Madrilera begira; bai­na nahi dutela, pentsioen ku­deaketa bakarrik ez, administrazioa ere hemen egitea.

Publikoan, bi gizonek hartu zuten hitza. Batek adierazi zu­en, ezin zaiela soilik IPCaren igoera aplikatu, pobreziaren mu­gan bizi direnei; eta besteak eskatu zien, Hernaniko zi­ne­go­tzi diren aldetik, erabakitzeko Hernaniko pentsionisten eska­e­rak babestuko dituzten, edo alderdien interesei jarraitu.

EH Bildu, EAJ eta OHren al­deko botoekin, eta PSE-EEren abs­tentzioarekin onartu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!