Agerraldia egin zuen Etxerat elkarteak atzo, Atsegindegin, adierazteko bat egiten duela Sarek antolatutako manifestazioarekin, larunbat honetan Bilbon; eta euskal gizarteari luzatzeko deia, «Bilboko kaleek gainezka egin dezaten, eskubideen alde, konponbidea eta bakea exijitzeko».
Hala azaldu zuten Patricia Velez eta Naike Diez Etxerateko ordezkariek, prentsaurrean: «asteburu honetan ez gara kartzeletara joango, ez dugu bisitarik egingo; larunbatean, gure lekua Bilbon dago. Bertan emango ditugun urratsak erabakigarriak izateko aukera daukagu. Gu, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok, prest gaude!».
«Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude, elkar egoteko beharra daukagu»
Manifestazioa, 17:30etan abiatuko da, La Casillatik, Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude lelopean. Eta horixe nabarmendu du Etxeratek: «elkarrekin aurrera egiteko prest gaude; elkar egoteko beharra daukagu, benetako bakea eta gatazkaren konponbidea behingoz lortzeko, eskubideen urraketak gainditzeko, eta gure senide preso, iheslari eta deportatu politikoak Euskal Herriratzeko».
Zentzu horretan, adierazi du bere prestutasuna «erabatekoa» dela, «euskal preso eta gure senide eta lagunen eskubideen aldeko pauso erabakigarriak ematen jarraitzeko». Eta gaineratu du: «horregatik hain justu, ezin gara arriskatu egungo eskubideen bortxaketak normalizatzera. Badakigu erosotasun osoz mantentzen dituztela espainiar eta frantziar estatuek salbuespen politikak, eta edozein irtenbideri blokeoa ezartzeko erraztasuna. Horregatik, iaz Sarek Bilbon egindako manifestaziotik, pauso esanguratsuak eman ditugu».
«Ezagutu eta saminez bizitzen dugu kartzelako salbuespen politika»
Emandako pausoen artean, nabarmendu ditu apirilaren 8koa Baionan edota abenduaren 9koa Parisen. Baina aldi berean, gogorarazi du aske geratu diren euskal preso politiko guztiek kondena oso-osorik bete dutela, eta salbuespen neurri guztiek aktibo jarraitzen dutela: «horregatik, bidea egiten jarraitzea suertatu zaigu, egoera honi bukaera emateko aukera bakarra delako herri gisa, gizarte osoak aurrera egitea. Gu prest gaude. Preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak gara, edozein preziotan irabazi politikoak lortu ahal izateko, erbestean edo kartzelan dauden gure senideen erabilpena ezagutu eta sufritzen dugu. Ezagutu eta saminez bizitzen dugu kartzelako salbuespen politika».