Urte parea da 2018a, eta beraz, Olinpiada urtea da Hernanin! Ez dute hutsik egingo aurten ere, Hernaniko Gazte Olinpiadek, eta dagoeneko zehaztu dituzte gauza asko. Horretarako, asanblada egin zuten aurreko ostegunean, Kontrakantxa gaztetxean, G5 leloarekin: Guri bost? Gurekin bost! aldarrikatuz, era modernoko bosgarren Olinpiadak antolatzen laguntzera deitu dituzte herriko gazteak.
Eta asanblada horretatik atera zen, esaterako, Olinpiadetako egutegia. Izan ere, dagoeneko zehaztu dituzte proben egunak: apirilaren 7an hasiko dira Olinpiadak, eta aurreneko egunean, pintxo lehiaketa eta O faktorea izango dituzte lehiakideek. Bigarren eguna, apirilaren 12a izango da, patinen probarekin. Eta hortik aurrera, astero egun bana: apirilak 21 eta 26, maiatzak 5, 10, 19 eta 24, eta ekainak 2, 7 eta 16.
Izena emateko epea, martxoaren 8ra arte
Eta zein izango dira lehiatuko direnak? Ba orain apuntatzen diren taldeak. Izan ere, zabalik dago izena emateko epea. Ho- rretarako, zerrendak daude Gazte Asanbladan, eta Garin, Goiz Argi eta Zintzarri tabernetan. Talde mistoak izan beharko dira, gutxienez 10 lagunekoak. Martxoaren 8ra bitarte izango da aukera, apuntatzeko. Egun horretan asanblada egingo dute, zerrendak itxi eta errifak eta proba egunak banatzeko. Talde bakoitzak 150 errifa saldu beharko ditu, martxoaren 22ra arte: beste asanblada bat egingo dute, dirua biltzeko, eta lehenengo proba eguneko azalpenak emateko.
Apirilaren 19a izango da aurreneko proba eguna, eta pintxo lehiaketarekin eta ‘O faktorea’rekin ekingo diote.
Antolatzaileek, bost irizpide nagusi ere zehaztu dituzte, Gazte Olinpiadetarako: taldeen arteko harremanak sustatzea, konpetitibitate sano baten alde egitea, talde lanean aritzea, euskera sustatzea, eta parekidetasuna bermatzea.
Berotzen joateko, musika, otorduak, jokuak...
Baina asanbladez gain, eta proba egunak iritsi baino lehen, beste bi zita ere jarri dituzte, Olinpiadetarako berotzen joateko. Martxoaren 9an eta 17an izango dira, eta musika, otorduak edota jokuak egingo dituzte.
Hilaren 9an, afari mexikar musikatu eta kontzertuak antolatu dituzte, eta horretarako, izena eman beharko da. Bihar irekiko dituzte zerrendak, eta martxoaren 6ra arte izango da aukera, apuntatzeko.
Martxoaren 17rako, berriz, egun osoko plana prestatu dute. Goizean, jokuak egingo dituzte, probetarako beroketa gisa, eta bazkaria egingo dute ondoren. Bazkalostean, karaokearekin bukatuko dute.
Egitaraua
ASANBLADAK:
Martxoak 8, Olinpiadetan parte hartzeko zerrendak itxiko dira, eta errifak eta egunak banatu. Izena emateko zerrendak, Gazte Asanbladan, eta Garin, Goiz Argi eta Zintzarri tabernetan.
Martxoak 22, Errifen dirua jaso, eta Olinpiaden aurreneko proba eguna azalduko da.
BEROKETA:
Martxoak 9, Afari mexikar musikatua eta kontzertuak. Afarirako zerrendak, bihar ireki eta martxoaren 6an itxiko dira.
Martxoak 17, Jokuak goizean, bazkaria, eta karaokea ondoren.
PROBAK:
Apirilak 7, Lehenengo eguna: pintxo lehiaketa eta O faktorea.
Apirilak 12, Patinak.
Apirilak 21, Orientazioa.
Hurrengo proba egunak: apirilak 26; maiatzak 5, 10, 19 eta 24; eta ekainak 2, 7 eta 16.