«Ereñotzuk ez zigun hutsik egin»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 27a, 01:00

Ereñotzuri buruzko Herri txiki, infernu handi ikusi berri dugu. Zein sentsaziorekin geratu da lan taldea?
Hasteko, Ereñotzuko programa, gainontzeko herriekin alde­ratuz, berezia izan zen niretzat, pertsonalki. Astigartarra izanda, lotura haundia izan dugu Hernanial­deko txoko honekin. Txikitatik errakara joan izan gara, lasaitasun bila, mendi bueltak egitera, bertako jaietara… beraz, onartu beharra dut urduritasun edo ardura berezi batekin ekin geniola Ereño­tzu­ko programari; baina Ereñotzu beti da Ereñotzu, eta ez zigun hutsik egin.
Eguna eguraldi paregabeaz hasi genuen goiz goizetik. Ar­kaitz Santa Cruz, eta Imanol Li­zeagak harrera beroa egin ziguten Ereñotzuko elkartean. Kafesne beroa banatu ziguten lan talde guztiari lanean hasi aurretik. Aipatu beharra dut ere, herritarren laguntza eta inplikazioa programa hau aurrera atera ahal izateko, eta horietariko batzuk  Arkaitz eta Nagore Miner izan ziren, eskerrik beroenak beraiei ere.
Zerbait nabarmentzekotan, elkarrizketaturiko pertsonen naturaltasuna izan zela esango nuke. Badaude pertsonak, kameren aurrean kikildu edo lotsatzen direnak, baina Ere­ño­tzuko partaideak, hasieratik oso jarrera irekia eta parte hartzailea izan zutela iruditu zitzaidan. Norbere bizipenak kontatzeko gogoa, elkarrizketatua vs Zuhaitz eta Pagadiren artean umorearekin jolasteko inplikazioa…  Azken fine­an, ereñotzuarrak ezagutzen dituenak, bad­a­ki alaitasuna eta umorea na­gu­sitzen direla Uru­mea ibaiaren ertz honetan.

«Goizuetako programa ez zai­gu lan taldeko inori berehala ahaztuko»

Azaroaren bukaeran grabatu zenuten programa, baina noiz hasi zenuten ibilbidea?
Ereñotzuko programaren pres­taketak, azaroa hasieran hasi genituen. Lehenagotik, Udalari eta hainbat herritarrei eskatu genizkien Ereñotzuren inguruko datuak, kondairak, pertsonaia posibleak eta antzeko tanteotxo bat egin genuen, betiko lan dinamika jarraituz. Baina gure lan taldeko erredaktorea, Nerea, izan zen Ere­ño­tzun mur­gildu zen lehena. Ber­tako etxeetako ateak jo zituena istorio berezi, pertsona hiztun eta alaien bila.
Denboratxo bat bageneraman Ereñotzun programa egiteko gogoarekin. Erredakzioan arbel moduko bat dugu eta bertan idazten joaten gara grabaketarako herri posibleak, eta Ereñotzu izena beti zebilen hortik bueltaka. Azkenean, zezena adarretik heldu eta ekin genion prestaketa lanei.

Istorio desberdinak entzun genituen… nola izaten da produkzio lana? Eta bereziki, Ereñotzun?
Herri guztietan lan dinamika bera erabiltzen dugu.  Lehe­nen­go, tanteo bat egiten dugu herritar eta udaletxearekin, pro­grama egiteko interesik ba al den jakiteko eta herriko in­formazioa lortzeko.
Ondoren, gidoilaria eta erre­daktorea egun oso baterako joaten dira hautatutako he­rrira. Herria ezagutu, herritarrekin elkartu, kafetxo bat edo bi edo hiru edo zortzi hartu, eta herriaren tripak ezagutzen saiatzen dira. Informazio guztia lan taldeko gainontzeko kideekin konpartitzen dute eta gidoiari forma ematen zaio.
Eta azkenik, grabaketa egu­na dator, non Zuhaitz eta Pagadik, beraien abilezia eta gertutasunez herritarren istorioak ezagutzera ematen di­tuz­ten. Hortaz, Ereñotzuko ka­suan antzekoa izan da.

Herriak nola aukeratzen dira?
Herri izaera duten herriak bila­tzen saiatzen gara. Alter­natzen joaten gara lurraldeka, ahalik eta txoko gehien ezagutzeko asmoz. Egia da ere, errealitate soziolinguistikoa baldintza bat dela herri bat edo bestea aukeratzeko ordu­an. Herri batzuetan zailtasun haundiagoak daude euskal hiztunak topatzeko, baina ahalegina benetakoa izaten da gure aldetik.  

Goizuetari buruz izan zen aurreneko saioa 2015eko urtarrilaren 5ean. Nola aldatu da programa ordutik?
Goizueta izan zen gure lehen emisioko programa eta ez zai­gu lan taldeko inori berehala ahaztuko.  Herritarren inplikazioa erabatekoa izan zen bertan ere.  Eta ordutik, gauza batzuk aldatu dira, nire ustez onerako. Esperientziak onurak da­kartza eta 3 urte hauetan guzti­ok ikasi dugu zertxobait. Pro­gra­maren formatuak berdina iza­ten jarrai­tzen du, baina ber­tsio hobetuan, nire ustez.

Zer ikasi duzue herri txiki hauetaz hiru urte hauetan?
Kursia iruditu dezake, baina ezin duzue imajinatu zein aberatsa den hainbeste per­tsonen istorioak, izateko erak, bertatik bertara entzun ahal izatea. Eta zeresanik ez Euskal Herriko ehunka txoko ezagu­tzeko aukera izatea. Pertsona anonimo jakintsuak ezagutu izan ditugu, alaiak. Xarma bereziko pertsonak izan dira bidean topatu ditugunak.
Eta ikasgai batekin gera­tzekotan, herritarrek beren etxeko ateak zein apal, eskuzabal eta konfiantza osoz ireki dizkiguten izan da.
Zorionez, gaur egungo bizimodu egoista, serio eta petral honetan, gure herrian badira pertsona alai, jakintsu,  eskuzabal eta umorez bizi direnak ere, eta pertsona horietako asko eta asko topatu ditugu hiru urte hauetako ibilbidean.

Espero zenuten izan duen arrakasta?
Gutariko inork ez zuen espero horrelako arrakastarik, egia esan. Baina gauzak txikitik h­asita,  zintzotasunez, umiltasunez eta herritarrekin batera egiten dituzunean, beste dimentsio bat hartzen dute. Eta horretan Zuhaitz eta Pagadik jakin izan dute programaren filosofia behar bezala bidera­tzen. Eta uste dut hori izan dela arrakastaren gakoetako bat, ikusleak egiazko zerbait ikusten duela telebistan eta programarekin konektatzen duela.
Harrigarriena, ikuslegoen adin tartea da. Nire koadrilako baten 5 urteko alabak igandero ikusten du. Eta nire amona adibidez, ez da euskal hiztuna baina programa gustura ikusten duela esaten du. Baina ha­serretu egiten zait, programan agertzen diren 90 urte inguruko adindu guztiek bera baino gazteagoak diruditelako.

Herri txiki asko ezagutzeko al dauzkagu oraindik?
Euskal Herriak zerbait badu, herri txikiak dira. Espero dugu herri txiki gehiago, istorio eta pertsonaia zoragarri gehiago ezagutarazteko aukerarekin jarraitu ahal izatea luzaroan. Momentu bikainak eta urrea balio duten testigantzak bildu ditugu 3 urte hauetan, eta hala egiten jarraitzea espero dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!