Azken urteetako bide beretik dator, aurten ere, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa; eta Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariek ere, bertan parte hartuko dute.
Saioak izango dira lurralde guztietan, eta bukaeran, baita Euskal Herri mailako festa ere. Lurralde guztietan, oinarri nagusiak berak konpartitzen dira, baina bakoitza bere berezitasunekin. Eskolartekoa, Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute.
Gazteentzako, bertso merenduak
15 urtetik beherako gazteak ez dira bat-bateko txapelketan lehiatuko. Eurentzako, bertso merenduak antolatuko dira, hainbat herritan. Inguruko bertso eskoletakoak elkartuko dira, eta giro hurbilean eta goxoan egingo dute bertsotan.
Urtean zehar egiten diren bertso merendu eta gazteen saioez gain, 15-18 urte bitartekoek, Eskolarteko txapelketan kantatzeko aukera ere izango dute. Nahi duten moduan parte hartu ahal izango dute txapelketan: bertsolari moduan, zein gai-jartzaile moduan. Antolakuntzan parte hartzeko gonbita ere, luzatuko zaie bertsolariei.
Lurralde bakoitzak bere txapelketa izango du. Kanporaketak, izango dira bertso afari zein merendu bueltan, edo areto txikietan. Hilabete honetan bertan, Gipuzkoan hasiko dira, esate baterako.
Zestoan emango zaio hasiera txapelketari, datorren ostiralean eta Ereñotzun ere egongo da saio bat, laugarrena, martxoaren 9an. Bost saio izango dira guztira, ostiralero. Gipuzkoako azken saioa eta finala apirilaren 20an Lasturren ospatuko da eta maiatzaren 6an Tolosan Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute. Bertan idatzizkoa ere egongo da.
Euskal Herriko finala Saran errepikatuko da ekainaren 9an eta Gipuzkoakoa Lasturren apirilaren 20an
Saria, Ahots Baten Sormen Egonaldian parte hartzea
Euskal Herriko finala, berriz, jai giroan egingo da. Saran (Lapurdin) egingo da aurten pasa den urtean bezala, ekainaren 9an. 15-18 urte bitarteko Euskal Herriko finalistek sari ederra edukiko dute: Ahots Baten Sormen Egonaldian doan parte hartzeko aukera.
EGUTEGIA
- Gipuzkoa: Lasturren apirilaren 20an.
- Nafarroa: Leitzan, apirilaren 20an.
- Araba: Maiatzaren 12an gazteak Legution (Bertso Bizi Gazte Eguna) eta maiatzaren 26an umeak Gasteizen.
- Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa: Maiatzaren, 19an Hazparnen (Bertso Eskolen Eguna).
- Bizkaian: Maiatzaren 6an Balmasedan.
- Euskal Herriko finala eta festa: Ekainaren 9an. Iparraldean Saran.
- Bertso Eskolen Eguna: Maiatzaren 6an Gipuzkoan (Tolosa), Nafarroan (Iruñea) eta Bizkaian (Balmasedan).