2018KO aurrekontuak onartu ziren Hernanin, EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ eta PSEren kontrakoekin eta OHren abstentzioarekin. Guztira, %6ko igoera onartu zen 2018ko aurrekontuetarako: 33.394.094 euro. Horietatik, 27.427.709 euro izango dira Hernaniko Udalerako; 8.104.217 euro Udaleko Zerbitzu Sozialetarako; eta 377.889 euro Ereñotzuko Auzo Udalerako.
Pasa den urtearekin alderatuz gero, igoera %6,6koa da. Ereñotzura bideratzen den ekarpenak ere igoera nabaria edukiko du; 355 milatik 377 mila eurora.
Intxauspek azaldu zuen PSErekin eta OHrekin bildu zirela, haien kezkak eta zalantzak argitu eta proposamenak jasotzeko, eta EAJri ere «lanketa egitea proposatu arren, EAJk biltzeko asmorik ez» zuela adierazi ziela. Beraz, aurrekontua onartu zuten EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ eta PSEren kontrakoekin, osoko zuzenketak egin zituztelako, eta OHren abstentzioarekin. OHko Jaione Aristregik azaldu zuen abstenitu egiten zirela, «aurrekontuak nahiko sozialak eta jasangarriak» izan arren, «Udal Taldean konfiantza galdu» dutelako; «iaz ere negoziatu genituen proposamenak, eta abendura arte ez dugu jakin zertan ziren».
«Herri jasangarria, aktiboa eta solidarioa»
Aurrekontuak «Gobernu Talde honen 3garrenak» direla azaldu zuen Intxauspek, eta «hiru ardatz» dituztela: «hernaniarren bizimodua hobetu, zerbitzuen kalitatea hobetu eta herriaren garapen jasangarria bermatu». Isa Sanchez Ogasun zinegotziak diru kontuen azalpen zehatzagoak eman zituen, eta arlo bakoitzeko zinegotziak azaldu zituen aurreikusi diren proposamenetako batzuk.
Herri jasangarria bultzatu nahi da eta horretarako: 13,3 milioi bideratu dira, (aurrekontu osoaren ia erdia, %48,62). Herri aktiboaren apustua egiten da eta horretarako 7 milioi bideratu dituzte proposamenean (aurrekontuaren laurden bat. %25,55), eta Hernani herri solidarioa izateko apostua egin nahi dute, horretarako 3,2 milioi banatuz (aurrekontuaren %11,34). Administrazio gastuek, aldiz, 3,6 milioi (%13,12) suposatzen dute.
Euskara eta Kultura arloan azpimarratu ziren, besteak beste, taldeentzako dirulaguntzen igoera, Biteriko aforoa haunditu eta akustika hobetzeko obrak, eta Musika eta Dantza gune bat sortzeko ideia; Zerbitzu Sozialetan, gizarte langile bat gehiago kontratatzea; Hezkuntzan, Baso Eskola martxan jartzea; Kiroletan, obrak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzea; Lankidetzan, dirulaguntzak igotzea; Berdintasun eta Gazteria arloetan, Emakume etxea, eta gazteentzako eskaintza mantentzea; Ingurugiroan, azterketak egitea lurzoruaren kutsaduraren eta aire kalitatearen inguruan, Fagollagako zentrala erostea edota enpresei gaikako hondakin bilketa zerbitzua ematea; eta Azpiegitura Informatikoei dagokienez, sare libre eta askeen alde egin eta lizentzietan aurreztea».
Inbertsioek 2.290.350 euro, iaz baino %17 gehiago
Inbertsioek 2.290.350 euro hartuko dituzte, iaz baino %17a gehiago. Horien artean, Hernani Erabakiren 500.000 euroek inbertsioen %22 hartzen dute, eta herritarren esku uzten dute diru hori, urtero.
Horrez gain, urbanizazio proiektuak aztertzeko edo gauzatzeko ere partida bat egongo da: Galarretako eremua garatzeko, Urbieta kalearen peatonalizaziorako, Atsegindegiko itxiturarako, Mañe i Flaquer plaza berritzeko, Karabel II. Faserako eta Portu-Elizatxo bidearen urbanizazioa egiteko izango dena.
Udal azpiegituretan, aldiz, Biteri kultur etxea berritzeko lanekin jarraituko da, herri ikastetxeak mantentzeko eta berritzeko lanekin ere bai, areto nagusiaren zaharberritzean eta Sandiusterri aretoa dantza eta musikarako areto bihurtzeko proiektuan ere inbertsioak egin nahi dira.
Hirigintza planeamenduaren generoa azterlanak egingo dira. Baita ohiko lanak ere: asfaltatzeko, landa bideak, irisgarritasuna hobetzeko lanak, urbanizazio lan txikiak...
Langileria gastuetan igoera 50.000 eurokoa da, egokitzapenak egin eta gero. 2018rako ez da soldata igoerarik aurreikusi Estatuko Aurrekontuen Legea onartu gabe dagoenez.
Ondasun arruntak eta zerbitzuen gastuak
Kapitulu honetan oro har 810.000 euroko igoera aurreikusten da. Igoera horretan biltzen dira, urte honetarako aurreikusten diren zerbitzu kontratazio edota erosketa berriak, edota gaur egun indarrean daudenen hobekuntzak. Horietan aipagarriena hondakin bilketan emango den zerbitzu anpliazio eta berrantolaketarekin zerikusia duena.
Transferentziak eta dirulaguntzak
Beterri eskualdeko udalen hitzarmenari jarraituz 132.000 euroko diru ekarpena egingo du. Udalbiltza Partzuergoari 45.000 euroko ekarpena. Lankidetza proiektuetara bideratuko dira sarrera arrunten %0,79 (213.000 euro). Etxebizitza alokairua laguntzeko 164.000 euro.
Sailez-Sail laburpena: Hirigintza
Hirigintza planean jasotako hiri antolaketa eta urbanizazio lanetarako partida irekiak uzten dira, egitasmoak zehaztu ahala osatzeko: Urbieta kaleko peatonalizazioa; Karabel Auzoa II fasea. Hirigintza planaren berrikuspena genero ikuspegia txertatzeko 50.000 bideratuko dira. Irisgarritasun plana egiteko 30.000 euro.
Hasierako aurrekontuan jasota ez badago ere, Galarreta Sistema Orokorraren tramitazioarekin aurrera jarraitzen da. Bigarren fasearen helburua GI-2132 errepideko biribilgunea egitea da eta G.06 Butano sektorearen garapenak sortutako beharretara egokitzea. Bestetik G.06 eremuaren urbanizazio lanak 3.073.000 eurokoak dira. Obra hauen kostua garapen bidea abian jarrita duten Galarretako sektore eta areen kontura finantzatzen da. Alabaina, finantziazio honetan zailtasunak aurreikusten dira, eta hori dela eta, lanak hasi nahi badira Udalak aurreratu beharko du kopuru bat. Aurrerapen hau, zehazten den heinean, Diruzaintzako Gerakinaren kontura finantzatu beharko da.
Ingurumena
Ekonomia zirkularraren printzipioek gidatzen dituzte aurrekontuen egitasmoak: «hondakinen kudeaketa arduratsuaren aldeko apustuarekin jarraituko dugu eta Udalak industria poligonoen hondakinen bilketa selektiboa hartuko du bere gain Garbitania enpresa publikoaren bidez», iragarri zuten.
Konpost planta eraikitzeko azterketa ere egingo da. «Hernaniarrok sortzen dugun organikoa konpost bihurtu eta gure baserrietan eta sagardotegietan erabilita zikloa itxiko dugu. Horrela, lortuko dugu kudeaketa osoa Udalaren esku egotea eta bilketa modu egokian egiten dela bermatu ahal izango dugu».
Energia Plana eginda dago eta horrek proposatzen dituen egitasmo batzuk gauzatuko dituzte 2018an. Konpost planta berriaren egitasmoa burutzeko 100.000 euro bideratuko dira, partida ireki bezala, aurrerago osatu beharko dena.
Azterlanen atalean, aurreko urteetako ildoari jarraituko zaio.
Politika soziala
Urteroko ekimenak mantenduko dira berdintasun alorrean. Emakumearen etxeari dagokionez, 2016 eta 2017 bitartean parte-hartze prozesua egin zen eta eraikina definitzeko proiektua urte amaieran bukatuko da. Aurreikusitakoaren arabera, lanak 2018an egingo dira, lehen lauhilekoan. Paraleloan landu nahi den dinamizazio eta komunikazio prozesurako 14.000 euro aurreikusi dira.
Indarkeri matxistaren protokoloaren garapena eta ekintza lanak burutzeko, 20.000 euroko partida aurreikusi da.
Lankidetza proiektuetara, urtero bezala, «gure konpromisoa bete eta aurrekontuaren %0,79 bideratuko dugu, 213.000 euro». Iaz baino 14.000 euro gehiago.
AMHER elkarteari diru-laguntza 10.000 euro haundituko zaio. Etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak mantenduko dira (164.000 euro).
2018ko Udal Aurrekontuak
Hernaniko Udala
27.427.709
sarrerak
l Zerga zuzenak 6.562.650
l Eraikuntza zerga 370.000
l Tasak 6.475.654
ll Dirulaguntzak 13.584.232
l Ondare sarrerak 62.615
l Hirigintza sarrerak 6.019
l Kapital dirulaguntzak 6.538
l Finantza aktiboak10.000
l Mailegu berriak 350.000
gastuak
l Langilegoa 8.005.063
l Gastu arrunta 11.494.237
l Interesak 14.000
l Dirulaguntzak 4.492.241
l Ezustekoak 709.581
l Inbertsioak 2.290.350
l Kapital dirulaguntzak 0
l Finantza aktiboak 10.000
l Finantza pasiboak 362.000
Udaltzaingoa
Jantzien eta Udaltzainen ekipaziorako 12.000 euroko partida berezia. Ibilgailua erosteko 30.000 euro eta trafiko kamarak berritzeko 4.000 euro.
Herri lanak
Kale garbiketarako eta berdeguneak mantentzeko partida handitu da. Kale argiteria LED teknologiarekin jartzen jarraituko da energetikoki eraginkorragoa izateko helburuz.
Ur saneamenduaren sarea mantentzeko partidari eutsiko diote eta horretaz gain, «parte hartzea bultzatzen jarraituko dugu (HE, Lizeaga 3.0, Turismo hausnarketa, kultur sorkuntzari buruzko hausnarketa...)».
Kale eta bideen mantenurako urteroko kopurua aurreikusten da, 175.000 euro. Asfaltatze lanetarako 85.000 euro, landa bideetarako 45.000 euro, auzoetako markesinak berritzeko 30.000, urbanizazio lanetarako 240.000 euro eta kamioi berria obretako langileentzat, 90 mila euro.
Saneamendua, ur hornidura, kale argiteria
Sarearen mantenu lanetarako aurreikusten dira, guztira 260.000 euro. Sarearen hobekuntza lanetarako 125.000 euro aurreikusi dira.
Hezkuntza eta kultura
Hezkuntzarekin lotutako programak mantentzen dira eta ikastetxeen mantenurako eta inbertsioetarako 203.000 eurokoa da partida.
Liburutegiko funtsak erosteko 44.000 euro eta kultur alorreko inbertsioak egiteko, 260.000 euro.
Udal areto nagusiaren berritze lanak egiteko, 80.000 euro.
Oposizioko alderdiek «konfidantza galdu» eta «betiko arazoak» ikusten dituzte
EAJk eta PSE-EEk ezezkoa bozkatu zuten eta alderdi sozialistaren esanetan «azken urteetako
txarrenak dira». Orain Hernani aurten abstenitu egin da.EAJk aurrekontuen aurka bozkatu zuen Plenoan. Zerbitzu Sozialetako eta Ereñotzuko aurrekontuen alde, baina orokorrean aurka. Andoni Amonarraiz bozeramaileak Kronikari azaldu dionez, betiko arazoak aurkitu daitezke eta adibide batzuk jarri ditu: «EH Bildu Udal Gobernuan dagoen sei urteetan 600.000 euro xahutu ditu, diru publikotik, bere kontseilari pertsonalak ordaintzen. Eta jarraituko du».
«Bilduk berriro ere oposizioko arduradun politikoak bigarren mailako langile bezala hartzen ditu, eta ez die beraien lana aintzat hartzen, beste edozein langileekin egiten duten bezala, eta beste udaletxeetan egiten den bezala».
«EH Bilduk pertsonalaren egituran proposatzen duen organigramarekin ez gatoz bat. Zuzeneko erosketen prozesuetan (4.000 baino gutxiagokoak) sistemarekin ez gatoz bat. Ez da aztertu EAJ-k proposatu zuen bezala rotazio prozesu bat Hernanin dauden lantegi guztien artean eta beti berdinei erosten zaie».
«Gudarien Plazaren errehabilitazio edo birgaitze prozesua ez da kontutan hartu, EAJ eta Kaxko Elkarteak eskatu bezala behin eta berriz».
«Kaxkoan dauden arazoekin, oraindik ez dira haunditu edo egokitu udaltzainen kopurua, turno bakoitzeko udaltzain baten gehiketa eginda gutxienez».
«EH Bilduk aurrekontu hauetan, hernaniarron dirua, berriro ere udalbitzako subentzioa hobetzen du %200 igoz, jakinda elkarte honek EH Bilduk gobernatutako udalerriez osatuta dagoela soilik. 15.000 eurotik 45.000 eurotara pasatuko da 2018 urtean».
«Atez ateko sistema mantentzen da eta 900.000 eurotako gastuen igoera bat suposatzen du (aurrekontu guztiaren %10,65). Gehikuntza honek, atez atekoarekin, Bilduk sortutako ‘txiringitoa’ ordaintzeko balio edo bidaratzen da. Bosgarren kontenedorearekin hondakinen bilketa eta tratamendua egin daiteke antzeko emaitzekin. Sistema honekin hernaniarrek 1.000.000 eurotako aurrezpenaizango lukete. Adibidez, Sasietako Mankomunitatean egiten den bezala».
«Bilduren gestioaren adibide erakusgarria da olio bilketaren kudeaketa. 12.000 euro ordaintzen jarraitzen da urtero, doan egin daitekeenean. 48.000 euro bota dira zakarrontzira. Zergatik?». «Bestetik, auzitegietara eraman dugu diru publikoa erregulatzen duen araua, oposizioa gobernu taldearen aurrean diskriminatzen duelakoan».PSE-EE: «Ez dugu txeke zuri bat emango, gero nahi dena egiteko»
PSE-EE alderdiko Ricardo Crespok aurrekontuen balorazioa egiterakoan adierazi du, «Gobernu Talde honek azken urteetan aurkeztu dituen aurrekonturik txarrenak direla. Zehaztu gabeenak dira eta fede ariketa moduko bat egitea eskatzen zaigu. Eta PSE-EEk ez du txeke zuri bat emango, gero nahi dena egiteko».
«Aurrekontuen lehen fasean 100.000 euroko zazpi partida aurkeztu ziren. Esan zitzaigun sortzen zirela gauzatzen joateko, foru funtsaren likidazioaren eta beste urteetako soberakinaren arabera. Zain egon behar badegu hori gauzatzeko, Etxeberriko lanekin egin duten bezala, 2015eko hauteskundeetan iragarri zuten bezala eta 2017ko abenduan lizitatu dutena... bi urte eta erdi beranduago. Hori kudeaketa txar baten seinale da. Gainera, behin betiko aurrekontuan, zazpi partidetako bat desagertu da, Karabeli zegokiona esaterako».
«Azken urteetan bezala hondakinen kudeaketara bideratutako dirua gehitzen doa eta ez gaude ados. Aurten gehitu da, industriaguneetako bilketa bere gain hartu duelako Udalak eta batez ere Astigarraga Garbitaniatik irten delako. Horrek soilik 580.000 euroko haundiagotzea suposatzen du».
«Sarrerak puztuta daude. Batez ere kiroldegiko sarreretan. Baina gauza bat dago batez ere, PSE-EE molestatzen duena. EH Bildurekin negoziatu zen Kaxkoko leihoen aldatzearen inguruan, auzoetara zabaldu zitekeena, eta baita irisgarritasun hobekuntzak bizilagun komunitate desberdinetan edo igogailuen instalakuntzan. Horretarako 60.000 euro bideratzea negoziatu zen eta horietatik 10.000 euro jarri zituen bakarrik martxan pasa den urtean. Azkenean negoziatutako 60.000tik 10.000an geratu da eta leihoetara bakarrik zuzenduta. Galdetuta zabalduko duten, aztertu egin behar dutela da erantzuna».Orain Hernani: «Gure zuzenketak ez daude salgai»
Orain Hernanik aurrekontuen balorazioa egiterakoan azpimarratu du aurtengo bere botu aldaketaren arrazoia. Pasa den urtean alde bozkatu zuen, baina aurten abstenitu egin da. «Zalantza haundiak ditugu Gobernu Taldeak, 2017an onartu zizkiguten, zuzenketak egingo dituenik. Negoziazioetan ikusi genuen edozein zuzenketa onartzeko prest zeudela, ulertu eta interesatu gabe ere, aldeko botuaren ordez».
Orain Hernanik dio konfidantza galdu duela Udal Gobernuan. «Pasa den urteko zuzenketen egoera jakin nahi izan dugu hilabete askotan, baina abenduaren 2ra arte ez dugu ezerrez jakin, alkate eta ogasun zinegotziarekin bildu ginen arte 2018rako aurrekontuez hitz egiteko bileran. Ia bat bera ere ez da aurrera eraman eta okerrena da EH Bilduren Gobernuak uste zuela batzuk eginak zeudela, hor ikusi genuen benetako interesa. Gogoratzen diogu Gobernuari Hernaniko herriari zor dizkietela».
Orain Hernanik dioenez «aurten ere Gobernua zuzenketak onartzeko prest zegoen, hori bai beti baiezkoaren botoaren ordez. Argi geratu zaigu alkatearentzat merkataritzako eragiketa bat besterik ez zela. Gauza da, Orain Hernanik ez zituela saltzen, herriarentzat oparitzen ditu eta EH Bilduri uzten dizkiogu interesgarriak iruditzen bazaizkio».
Ez dugu gure aldeko botoarekin, Gobernuak oposizioaren partehartzea bultzatzen duenaren itsurakerian erori nahi, praktikan oposizioa ezertarako kontutan hartzen ez duenean eta zailtasunak jartzen dituen heinean, modu posible guztietan, gure lana betetzerako garaian. Beste lanen artean, Gobernuaren ekintzak kontrolatu eta ikuskatzea da oposizioaren lana».
Eta azkenik, OHk argi utzi nahi du, «gure zuzenketak ez zeudela salgai, herriari oparitzen dizkiogula. EH Bilduren Gobernuaren eskuetan geratzen dira aurrera eraman edo ez».