Jaieguna da gaur, eta beraz, ez da partidurik izango bihar arte. Orduan, bi final jokatuko dituzte Hernaniko pelotariek: Pelota Eskolarena, aurrena; eta Altzako txapelketarena, ondoren.
Pelotari gazteenak, frontoian
Ospakizun bezala bizi izan dute urtero, Pelota Eskolaren txapelketaren finala, eta aurten ere, hala izango da. Goizeko 10:30etan hasita emango diote bukaera 36 benjamin eta alebinek parte hartu duten txapelketari.
Hasteko, lau finalerdiak jokatuko dira: bi benjaminetan edo bi alebinetan.
Ondoren, 11:30ak aldera egingo dute argazki ofiziala pelotari eta entrenatzaile guztiekin. Eta gero, alebinetako lagunartekoa jokatuko dute.
Bukatzeko, 12:30etan izango dira hirugarren eta laugarren posturako partiduak, eta azkenik, finalak.
Altzan, Arrieta eta Lizeaga
Aurreko astean txapela jantzi ondoren, urteko aurrenekoaren bila joango da Markel Lizeaga Altzara. Bertan jokatuko du Ioritz Arrietarekin batera, hango Txapelketaren finala Pagazpeko Santxo eta Mundarroko Santxezen kontra. Eguerdiko 12:00etan izango da, Altzako frontoian. Ikuskizuna ziurtatuta dago.