Pasa den astean Bio Racer Oiartzun Bike frogaren 7garren jardunaldia jokatu zen Donostiako Antonio Elorza Belodromoan. Urko Semperenak lidertza mantendu du, open mailan, bi jardunaldi faltan. 46 puntuko aldea du, baina 8garren jardunaldian, urtarrilaren 13an, ez da ariko Espainiako Kopan egongo delako, Madrilen. Hala ere, azken jardunaldira irabazteko aukerekin iritsiko da.
Jaime Romero bigarren kadete mailan
Jaime Romero eta Telmo Semperena ere aritu ziren aurreko asteburuan. Jaime Romero kadeteak ez zuen egunik hoberena izan eta sailkapen nagusian bigarren jarraitzen du, baina Asier Pozo liderrak orain 14 puntuko abantaila ateratzen dio.
Azken jardunaldirako sailkapena estutu egingo da lehenengo hiruen artean, lehen biak Espainiako Kopan egongo baitira eta ez dute 8garren jardunaldian parte hartuko. Bai ordea, hirugarren sailkatuak.
Telmo Semperena juniorra ongi aritu zen lehen frogan, baina bigarrengoan erretiratu beharrean aurkitu zen. 11garren dago sailkapen nagusian.
Telmo eta Jaime Bordelen egongo dira asteburuan
Asteburu honetan ez dago jardunaldirik. Hala ere igandean Kluben arteko Kopako bigarren eta azken jardunaldia egongo da.
Bi astigartarrak ez dira Belodromoan bertan arituko, Gipuzkoako selekzioarekin Campionnat D’hiver/points-en egongo direlako Bordeleko pistan.