«Bizilagunok egin dugun ahalegina ez dira errespetatzen ari»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 5a, 01:00

Jarrera batzuekin «kezkatuta» azaldu da Kaxko Elkartea, auzoan egindako hobekuntza batzuek jasandakoaren ondoren. Eta horiek azaltzeko, pren­­tsa-oharra zabaldu dute.

Gaztain-txabola eta lorategiak, kaltetuta
Auzolanean egindako hainbat lan aipatzen ditu Kaxko Elkar­teak oharrean. Aurrenekoak, azkeneko hilabetean hobetutako lorategiekin dauka zerikusia: «landareak eraman dituzte, baita zu­haixka batzuk sus­trai­tik atera ere. Eta ondoren, metro batzuetara bota, edo zanpatu egin dituzte».  Elkartearen us­tez, horrelako jarrerekin «bi­zilagunok egin dugun ahalegina ez dira errespetatzen ari». 

Bigarrenak, aldiz, duela aste batzuk berritutako gaztain-txabolarekin: «auzolanean egin da, baita ere, gaztain-txabolaren muntaia eta instalazioa, urtero bezala, gaztain-saltzaileak negu ho­ne­tan ere gaztainak saldu zitzan. Presaz egin zenez, behin betiko apain­keta egin gabe zegoen, izan ere, herriko artistek egiteko zain gau­de», azaldu dute. Ho­ne­­tan, «pin­tada aldarrikatzailea» egin dutela salatu dute; eta «mesedez» eskatu diete egi­leei «zikindutako egurra garbitu eta konpondu dezatela». 

Era berean, adierazi dute: «Kaxkoko fatxada eta paretetan pintada aldarrikatzaileak egin dituzte berriro ere. Uste ge­nuen adostu zela ez zirela Kaxkoko paretak zikinduko, Kaxko Historikoaren berreskurapenarengatik babestuta daudelako». Eta onartu dute, aurten hirutan garbitu behar izan dituela Udalak: «hareharria izanik, dakarren honda­tzearekin». Berriro ez errepikatzeko «neurriak» es­katu dizkiote Udalari. 

Azkenik, gogorarazi dute «auzolanean egin diren lan hauek Udalaren baimena­re­kin» egin direla, eta bere la­guntza ekonomikoarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!