Aurreko urtekoa «uzta historikoa» izan dela jakinarazi du Sagardoaren Lurraldeak, sagarraren ekoizpenari dagokionez. Horrez gain, azaldu dute: «sagarraren heldutasuna aurreratu egin da iazko urtearekin alderatuta eta ezberdintasunak nabariak izan dira barietateen artean, baina ez hainbeste sagastietan».
Aurtengo sagardoa: orekatua, kolore argikoa eta garbia.
Bertatik sortu da, hain zuzen, aurtengo sagardoa; 2017ko uztarekin, 12 milioi litro sagardo ekoiztu dira Euskal Herri osoan. Tartean, «ekoizpenaren %30a bertako sagarrarekin egindakoa eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenekoa da». Guztira 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 41ek, Bizkaiako 5ek, eta Arabako 2k.
Eta egindako sagardoa, oro har, ezaugarri berdintsuetakoa da: aurreko urteetakoak baino kolore argiagoa dauka; usaimenean oso garbia da; karboniko maila ona duten sagardo naturalak dira, kupeleku hartzuduna ondo egin baita; eta orokorrean, esan daiteke sagardo oso orekatua dela.
Sagastiak landatzeko, diru-laguntzak
290.000 euroko diru-laguntzak emango ditu Foru Aldundiaren Landaretza Sustapena eta Esperimentazioa programaren barruan, sagarrondoak landatzeko.
2016an aurrenekoz onartuta, aurten ere diru-laguntzak emango ditu Foru Aldundiko Landaretza Sustapena eta Esperimentazioa programaren barruan, sagarrondoak landatu eta ustiategi txikiak garatzeko. Aurten, hain zuzen, 290.000 euroko poltsa onartu du, eta dagoeneko egin dezakete eskaera interesa dutenek.
Sagardoa ekoiztea, helburu
Aurreko astean onartutako deialdiaren arabera, ustiategi txiki hauek «sagardoa ekoizteko sagarrondoak landatu, hobetu eta garatzeko» izango da. Gainera, «subentziona daitezkeen inbertsioak lehen oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituztenak izango dira, 2019ko maiatzaren 30era bitartean eginikoak».
Laguntzak eskatzeko epea
Eskaerak, beraz, aurkeztu daitezke dagoeneko, eta otsailaren 20ra bitarte izango da aukera. Horretarako, ustiategiari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegora jo beharko da. Urtarrilaren 15eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean zehazten dituen dokumentuekin.